Langabeziak behera egin du
Maiatzak ez du hutsik egin. Lana aurkitu nahian dabiltzanentzat hilabete ona izan ohi da, eta, aurten ere, hala izan da. Historikoki hilabete ona izan ohi da lan kontuetarako. Izan ere, Aste Santuko piztearen ondoren, turismoaren sektoreak abiada hartzea baitakar. Ondorioz, denboraldiko jardueretan aritzeko aldi baterako kontratuak ugaritzen dira. Horregatik, beherakada nabarmenena zerbitzuen alorrean izan da.
Urtearen lehen hilabeteak latzak izan dira; 2011ri 9.457 langaberekin ekin zitzaion, eta otsaila hasieran 10.109ra igo zen kopurua. 10.000 muga gaindituta, goranzko joerak jarraitu, eta apirilean goia jo zuen, oraingoz, 10.418ra iritsiz. Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren Lan Behatokiaren azken datuen arabera, hiriko biztanleria aktiboaren %9.69 lan bila dabiltza, Donostian 10.302 langabe baitaude. Hilabete bakarrean 116 donostiarrek lana lortu eta langabezi tasak %1,12 behera egin du. Datu positiboak, beraz, azken lau hilabeteetako joera negatiboa apurtu du.
Krisia hasi zenetik, dena den, maiatza txarrena izan da. 2009an 170 donostiarrek lana aurkitu zuten, iaz 285ek eta aurten 116 besterik ez dira izan. Datua, beraz, ez da aurreko urteetan bezain ona, are gehiago, orduko eta oraingo kopuruen artean dauden aldeak ikusita. Orain urtebete baino 1.042 donostiar gehiago dago lanik gabe, eta 2009 urtekoarekin alderatuta, kopuruak 2.005 arte gora egiten du.
Sektoreka, hilabetetan datu positibo bakarrak industriarena izan da. Maiatzean, ordea, joera irauli, eta okerrera egin duen sektore bakarra izan da. 33 langabe gehitu zaizkie aurrekoei, zenbaketa 1.046ra igoz. Gainontzekoetan, gehiago edo gutxiago, hobera egin dute. Hirugarren sektoreak jasan du jaitsiera handiena, 124 langabe gutxiagorekin. Aktibitaterik gabeko alorrean, aldiz, 15; eraikuntzan, 7; eta lehen sektorean, 3.
Profila, bere horretan
Multzoka sailkatutako datuei erreparatuz gero, aldaketa gutxi daude profilari dagokionez. Hiriko langabeak, nagusiki, emakumezkoak dira, %52, 31. Iaz baino 537 emakume gehiago zenbatu dituzte aurtengo maiatzean; gizonezkoak, aldiz, 426 gehiago dira. Hala ere, apirileko eta maiatzeko datuak erkatuta, lana aurkitu dutenak, nagusiki, emakumezkoak izan dira; eta, hauen artean, 25 eta 45 urte artekoak. Lana galdu dutenak, aldiz, 45 urtetik gorakoak izan dira denak. Hauen artean ere, emakumezkoak dira gehiengo: 16, 9 gizonezkoren aldean. Adinaren arabera begiratuta, 25 urtetik beherakoen artean 65 langabe gutxiago dago; eta 25 eta 45 urte artekoei dagokienez, 76k ekin diote lanari. 45 urtetik gorakoen artean, ordea, lan bila dabiltzanen kopuruak gora egin du. Apirilean baino 25 langabe gehiago daude.
Auzoz auzoko bilakaera ikusita, gehienetan, langabeziaren datuak hobera egin du. Hala ere, gorabeherak daude kopuruei dagokienez. Intxaurrondo, Amara Osinaga-Loiola-Martutenen eta Antigua- Añorga-Igeldon egin du hobera gehien, 41, 37 eta 22 langabe gutxiago baitaude, hurrenez hurren. Kontrako aldean, Egia eta Gros daude, 5 eta 6 auzotar gehitu baitzaizkie auzoko zenbaketan. Erdialdean, ordea, ez gora ez behera, apirileko datu bera errepikatu da.