Pop psikodelikoa, Lugaritzen
Donostikluba zirkuituak El Hijo taldea ekarriko du ostiralean Lugaritz kultur etxera. Abel Hernandez abeslariaren proiektu berria da. Izan ere, Migala taldeko kide ohia musikari berriak bilatu eta etapa berri bati ekin dio, pop psikodelikoaren bidetik.
Hernandezek Madrileña diskoa argitaratu zuen. Pop eta folk abesti intimistak bildu zituen disko hartan. Oraingoan, ordea, esperimentatzeko gogoz itzuli da, boskote formatuan. Saques (perkusioa), David T. Ginzo (baxua eta sintetizadoreak), Javier Montserrat (gitarra) eta Luis Brea (Casiotone eta gitarra) izango ditu aldamenean. Guztiek kantatzen dute eta guztiek jotzen dute musika. Emanaldia 21:00etan hasiko da, eta Mal de Muchos taldea ariko da artista gonbidatu gisa. Sarrerak 10 eurotan daude salgai.