San Juan suaren jaia Loiolara itzuliko da aurten
Urte asko igaro dira Loiolan azkenekoz San Juan gaua ospatu zutenetik. Sua pizten duten gaztetxoak izan dira, baina hauen inguruan ez da dantza ezta akelarrerik egin. Umeekin jarduerak antolatu ohi zituen Zuhaitz aisi taldeak hartzen zuten ospakizuna antolatzeko ardura. Horiek desagertzean, hauen tokia ez zuen inork hartu.
«Auzoa bizi gabe gelditzen ari zen, hainbat festa ospatzeari utzi baitzaio, eta berriro bizitza hartzeko egin dugu», azaldu du jai batzordeko Igor Alonsok. Bide horretan lehen pausoa ospakizun hau berreskuratzea izan da. Egitasmo bateratua da: jai batzordea, kalderero konpartsa, Tan Tai inauteri konpartsa eta Ibai Ertz abesbatza, elkarren eskutik, eta kultur etxeak lagunduta, jaia prestatzen ari dira. «Auzoko xalxeroen artean izandako elkarrizketa informalen ondorio da» argitu du kultur etxeko arduradun Jon Urbietak.
Ugarteren hitzetan, jai maitatua zen loiolatarren artean. «Argazki bilduma dut, eta hauetan ikusten da Hiri Lorategian sekulako sua egin zen eta jendetzak parte hartzen zuen. Badakit, faltan botatzen dutenak badirela». Alonsok ere hala gogoratzen du. «Parte hartzaileak izan ohi ziren, jende dezente elkartzen zen». Aurten abian jarriko duten berreskurapen prozesua ere halakoa izatea nahi dute. «Badakigu lehen urtean ez dela jendetza bilduko, baina gutxika, auzoan San Juan sua egiteko aukera izatea nahi dugu; auzotarrek Martutenera edo beste toki batera joateko beharrik izan ez dezaten», aitortu du Alonsok.
Loiolatarrei deia
Dantzak eta akelarrea nagusi izango dira ekainaren 23ko gauean. Tan Tai konpartsa koreografia prestatzen ari da, eta auzoan bizi den Maite Agirre aktoresa sorgin bilkuraren nondik-norakoak taxutzen. Horrez gain, 22:00etan hasiko den jaian «sorpresatxoa» ere izango dela aurreratu du Urbietak, baina gehiago zehaztu gabe.
Hiri Lorategira bertaratzeaz gain, loiolatarrek festan parte hartzea ere nahi dute. «Auzotarrak animatzea nahi ditugu, suaren inguruan ere dantza daitezen», argitu du Alonsok. Horretarako, Zazpi jauzi eta beste euskal dantza baten pausoak eta koreografia irakatsiko dituzte. Adin guztietako jendeak parte har dezake. Horretarako nahikoa da bihar, astelehenean eta asteartean, 19:30ean hasita kultur etxean egingo diren entseguetara joatea. Bestalde, jai batzordeko kideak suak erretzeko gauzak eraman ditzaten ere eskatu die. «Hori bai, erregarriak izan daitezela, ez gurpilak-eta!».