"Anoetaren kudeaketa da Realak egin dezakeen fitxaketarik onena"
Zuzendaritza batzordearen etorkizuna akziodunen eskuetan utziko dutela esan du Jokin Aperribaik
Realaren egungo egoeraz eta etorkizunean datorkionaz mintzatu zen Jokin Aperribai presidentea, atzo eguerdian, Anoetan emandako prentsaurrekoan. Zehazki, hiru atal nagusitan banatu zuen bere jarduna; elkartearen kirol eta ekonomia arloa, telebista eskubideak eta zuzendaritzaren etorkizuna. Edonola ere, behin baino gehiagotan azpimarratu zuen Aperribaik, Realaren etorkizun hurbilean, estadioaren berrikuntzak izango duen garrantzia. «Anoetaren kudeaketa da Realak egin dezakeen fitxaketarik onena», aipatu zuen. Hala, estadioa orain baino askoz gehiago bultzatu behar dela adierazi zuen. «Atletismo pistak kendu baino zerbait gehiago egin behar dugu; gainontzeko klubek askoz ere errentagarritasun handiagoa ateratzen diote estadioari». Hala, partidak hasi aurretik, atsedenaldietan, partidak bukatzean… estadioak aberasgarritasun handiagoa eman behar du presidentearen hitzetan. «Guztien artean adostutakoa izango da, beti ere, etorkizun indartsuago bat sortzeko asmoarekin», azpimarratu zuen.
Bestetik, garrantzitsuena lehen futbol taldea den arren, zuzendaritzak oraindik ere gehiago nahi du, Aperribairen esanetan. «Gipuzkoako talde eredugarria izan behar gara; bai kirol arloan, bai ekonomikoan ere. Horretarako, Zubietak gazteen eskola izan behar du». Beraz, gizarte arloko helburuak lortzeko, klub txuri-urdina haztea da helburu nagusienetakoa. Donostiako alkatetzaren aldaketak ez du gehiagi kezkatzen Aperribai. «Gauzak hobeto edo okerrago joan daitezke, baina momentu honetan guk daukagu ardura. Reala da Udalari zerbait erakargarria eskaini behar dioena. Ziur alkateak onena nahi duela Realarentzat».
Egoera ekonomikoari dagokionean; hartzekodunen lehiaketaren zorrari bukaera emateko, beste bi urte falta direla argitu zuen. Bestetik, gogorarazi zuen, Lehen Mailako gainontzeko taldeen aurrekontuekin alderatuz gero, Reala behekaldean dagoela. Hau da, 30-40 milioi dituztenen artean dagoela; Racing, Mallorca, Sporting eta Osasunarekin batera.
Bide batez, telebista eskubideen inguruan, akordio bat itxi berri dutela gogora ekarri zuen. Beraz, Realak ez badu maila galtzen, 2013-14 eta 2014-15 denboraldietan, Digital + kateak botako ditu Realaren partidak. Oraindik ere, aurrera begira lotu beharreko kontu gehiago ere badaudela aipatu zuen.
Akziodunen batzarra
Aurtengo eragiketari dagozkion kontuak ekainaren 30ean itxi beharko ditu, egungo Realaren zuzendaritzak. Hortik aurrera, akziodunen batzarra deituko dute, oraindik data zehatzik ez badu ere. «Zuzendaritza batzordearen etorkizuna akziodunen eskuetan utziko dugu, beraiek erabaki dezaten zer nahi duten. Hala ere, gu jarraitzeko gogoz gaude». Hala, egungo batzordearen jarraipena moztea erabakitzen badute akziodunek, batzarkide berriak aurkeztu beharko dira.
Prentsaurrekoa hasi aurretik, David Zurutuza izan zuen gogoan Aperribaik, bere aita duela egun gutxi hil delako. Horretaz gain, ez zuen bere jarduna bukatu nahi izan, Realeko emakumezkoen taldeak aipatu gabe. Batetik, futbolekoa, asteburu honetan lehen aldiz Kopako finalerdietan egongo delako. Belar hockeykoa bestetik, bigarren urtez jarraian Ligako finalera iritsi delako. Aipamena egin zuen ere atletismo sailaren inguruan, besteak beste.
Mugimendu gutxi
Phillipe Montanier entrenatzailea eta taldearen gora-beheren inguruan ere hitz egin zuen Aperribaik. «Bielsa fitxatzea gure aukeren artean egon zen, beste hiruzpalaurekin batera. Hainbat elkarrizketa izan nituen bererekin eta sekulako gizona iruditu zitzaidan. Edonola ere, Montanier Realarentzako entrenatzailerik egokiena da une honetarako; oso gustura gaude berarekin». Montanier Realera iritsi aurretik, ordea, klubak Beausejour jokalari txiletarra ekartzeko asmoa zuela onartu zuen Aperribaik. «Duela hiru aste inguru hasi ginen Beausejour fitxatzeko asmoarekin, baina oso zaila izango da Realera etortzea. Momentu honetan hori da zabalik daukagun bide bakarra; entrenatzaileak ez dauka fitxaketak egiteko inongo presarik».
Taldeko jokalariak erosteko ere ez dutela inongo eskaintzarik jaso azpimarratu zuen Aperribaik. Hori bai, Eñaut Zubikarai utzita joan daiteke beste talde batera. «Beretzako aukera onena izan daiteke».

