Bizarrain kultur elkarteak altzatarrek jasotako iragarkiak behatu ditu, hauetan euskarak duen presentzia eta garrantzia aztertzeko. Oker ari diren enpresei gutuna bidaliko diete jarrera aldatzeko eskatuz.
Altzan krisiaren eraginez iragarki kopurua hazten joan da, eta horrek, kalte egin dio euskarari. Bizarraingo kideek bildutako datuak ikusi besterik ez dago. Iaz 54 iragarki jaso zituzten, eta aurtengo lehen sei hilabeteetan, jada, 48. 2010eko datuak ondokoak izan ziren: 20 iragarki euskaraz egokituak zeuden, eta gainontzeko 34etan euskararen presentzia hutsa edo erabat lekukotasunezkoa zen. Hau da, eskuorrien %37 euskaraz egoki zeuden eta %63 oker. Aurtengoen kasuan, aldiz, postontzietan zabaldu diren iragarkietako sei euskaraz ondo egokituta zeuden, besteak beste, Udalarena. Nahiz eta euskararen presentzia garrantzitsua izan zortzi iragarkitan, ez dago gaztelaniarekin parekatuta. Oker ari direnak, berriz, gehiengo dira. 12 iragarkitan lelo eta izenburu batzuen itzulpena besterik ez dago euskaraz, eta gainontzeko 22ak, gaztelania hutsez daude.
Bizarrain kultur elkarteak hamar urte daramatza Altzan euskararen egoera hobetzen. Horretarako, hamaika ekimen egiten ditu erabilera sustatu, eta euskaldunen hizkuntz eskubideen errespetua zaintzeko. Horietako bat, Zerbitzua euskaraz lehen hitzetik kanpaina da. Altzako saltokietako langileek zerbitzua euskaraz emateko duten gaitasuna aztertu dute, eta lortutako emaitzetan oinarrituta, gida prestatuko dute altzatarrek erosketak euskaraz non egin ditzaketen jakin dezaten. Egitasmo beraren barruan ere, altzatarrek postontzietan jasotako publizitate orriak behatu dituzte. Ikerketa egiteaz arduratu da Josean Abecia. Euskararen presentziaz gain, hizkuntza horretan idatzitakoaren garrantzia ere kontuan hartu dute. “Ea egiaz modu funtzionalean erabiltzen den edo lekukotasuna izateko besterik ez den”. Bagera euskaltzaleen elkarteak antzeko kanpaina egin ohi zuen Donostia osoan, baina urteak dira ez diotela jarraipenik eman.
Feu vert, ondo; Eroski, gaizki
Hobera eta okerrera egin dutenen artean, kasu bana aurkeztu du Abeciak. Pozgarria izan zen Feu Vertek publizitate eskuorri oso bat euskaraz atera izana. Hala ere, salbuespena izan zela dirudi. “Sinbolikoa izan zen, ondorengoetan, betiko moduan, esloganak, izenburuak edo hitzen bat euskaraz jartzen dute, eta beste guztia gazteleraz”, argitu du Abeciak. Negatiboetan, berriz, Eroski. Nahiz eta euskarak leku garrantzitsua izaten jarraitzen duen bere iragarkietan, aurten bidalitako zortzi liburuxketan euskararen presentzia gutxitzen joan da. “Ez du gaztelaniak duen trataera bera. Produktuen ezaugarriak eta benetan garrantzitsuak diren informazioak gazteleraz bakarrik jarri dituzte; lehen elebitan izaten ziren”.
Gaizki dabiltzanen artean, beste bederatzi saltoki ere nabarmendu ditu Abeciak: Toys’r us, Aki, Coviran, Mc Donald’s, BM, Grupo Eibar, Arriberri formacion, Seco eta Higitu! elkartea.
Bizarrainek bere kabuz egindako lanaz gain, bizilagunen kexak ere aintzat hartu dituzte. Altzatarren babesa lortzeko xedez, hilabete amaierako sanmartzialetan beraien aldarrikapenaren berri emango diete, iragarki erdaldunak kalean erakutsiz, eta sinadura bilketa egingo dute. Era berean, iragarki ezegokiak zabaldu dituzten enpresei gutuna bidaliko diete, eskuorriak, gutxienez, elebitan bidal dezaten eskatzeko. Aurrera begira ere Altzako supermerkatuak –BM, Eroski eta Dia– ikuskatuko dituzte Bizarrain elkarteko kideek, euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatzen ote dituzten ziurtatzeko.