Polonia eta Moldaviako dantzak ekarriko ditu Lauarinek
Ostirala eta igandea bitartean desfileak eta emanaldiak egingo dituzte Parte Zaharrean, Antiguan eta Erdialdean
Lauarin Nazioarteko Folklore jaialdia hirian da laugarren urtez. Mundu osoko kultura eta folklorea Donostian erakusteko asmoz jaiotako jaialdia da. Dantza da protagonista, kulturen arteko hizkuntza lokarritzat dute eta. 2008. urteaz geroztik Bulgaria, Grezia, Ingalaterra, Mazedonia, Turkia eta Irlandako taldeak ekarri ditu Lauarinek. Aurten, Poloniako Ina eta Moldaviako Hora dantza taldeak izango ditu gonbidatu gisa. Donostiako Eskola, Goizaldi eta Trebeska taldeek ere parte hartuko dute. Ostirala eta igandea bitartean dantzak eta folkloreak Antigua, Parte Zaharra eta Erdialdeko kaleak hartuko dituzte.
Ekainaren 24ean hasiko da jaialdia, Erdialdean. 19:00etan Elkano kaletik irten eta Bulebarrera desfilea egingo dute, Parte Zaharrera iritsi arte. 20:00etan, Konstituzio plazan Polonia eta Moldaviako taldeek emanaldia egingo dute. Larunbatean, Ina eta Hora taldeen euren herrialdeetako dantzak ikasteko aukera eskainiko dute. Dantza tailerrak egingo dituzte Antiguako merkatu zaharrean. Arratsaldean bertako haur dantza taldeak aterako dira dantzara, Bretxatik Konstituzio plazara. Haurrak dantzatu ondoren Eskolakoak igoko dira taula gainera, talde gonbidatuekin. Igandean, berriz, Antiguako frontoian dantzatuko dira.