Uztaileko lehen astean zabaldu nahi dute Kontxako aparkalekua
Duela bi urte Kontxako aparkalekua handitzeko hasi ziren lanak azken txanpan dira. Cervantes plaza ondotik oinez igarotzen direnak jabetuko ziren gainazalean lanak aurreratu xamar doazela. Atzo, itzala eskaini eta ingurua apainduko dituzten palmondoak landatzen ari ziren. Lur azpiko bost solairuetan ere azken xehetasunekin ari dira buru belarri. Mugikortasun saileko arduradunen arabera, uztaileko lehen astean irekitzeko moduan egotea espero dute.
Plaza eskuratu duten bizilagunak, beraz, egunak zenbatzen egongo dira, autoa kalean uzteko kezka burutik kentzeko. Egunotan, lortutako plaza hautatzeko aukera dute aparkaleku ondoan jarri dituzten behin behineko bulegoetan. Plaza bereganatzeko kontratuak, berriz, hurrengo asteetan sinatzen hasiko direla aurreikusi dute.
Denera, 619 plaza dira bizilagunentzat gorde dituztenak. Autoa aparkalekuan uzteko onartuak izan direnak, ordea, 414 dira. Hortaz, eskaintza eskaria baino handiagoa da. Hala ere, ehun lagunek osatzen dute itxaron zerrenda eta soberan daudenak betetzen joateko lehentasuna izango dute.
Edozein kasutan, Kontxako aparkalekuan autoa uzteko beharra eta interesa dutenek garaiz dabiltza oraindik. Mugikortasun saileko bulegoetan jaso daiteke eskaera egiteko aurkeztu beharreko dokumentazioaren inguruko informazioa.