Patxi Zubizarretaren azken liburua ilustratu du Jokin Mitxelenak
Patxi Zubizarretaren azken liburua ilustratu du Jokin Mitxelenak
Marrazkilari donostiarrak ‘Hiru egun balearen sabelean’ haurrentzako lanean parte hartu du
‘Pottoko’, ‘Ostiraletako opila’, ‘Kikik koko nahi du’, ‘Gerlari handia’, ‘Pantaleon lagunekin doa’… Jokin Mitxelenak (Donostia, 1962) liburu zerrenda luzea marraztu du jada. Iaz, gainera, Euskadi Saria irabazi zuen Ipuin kontalariaren lapikoa ipuinean egindako lanagatik. Orain Pamiela argitaletxeak haur literatura sailean plazaratutako Hiru egun balearen sabelean liburua irudiekin hornitu du.
Patxi Zubizarreta idazle ordiziarrak sortu du itsas giroko eleberria. Protagonistak Ismael izena du, Melville idazle ezagunaren Moby Dick liburuaren protagonista bezala. Literatura klasikoari egindako keinuz josita dago istorioa; Altxorraren uhartea, Pinotxo eta Bibliako Jonasen arrastoa ere aurkitu daiteke eta. Zubizarretaren pertsonaia baleontzi batean joango da laguntzaile, eta Ternuaraino bidaia harrigarria egingo du bere lehen itsasaldian.