2016ko erronka berriari heltzeko garaia
Kalean zalaparta handirik sumatzen ez bada ere, udaletxean denak aztoratuta zeuden gaur, Donostia 2016an Kulturaren Hiriburu bilakatzearen alde lan egin duten ordezkari politiko eta bulegoko langileak elkar zoriontzen eta besarkatzen. Etxeko ordezkariez gain, lortutako garaipena ospatzera, Blanca Urgell Kultura sailburua eta Martin Garitano ahaldun nagusia hurbildu dira udaletxera.
Proiektu garailea egituratzeko, maratoi luzea egin dutela adierazi dute Blanca Urgell eta Juan Karlos Izagirre alkateak. «Gure meritua ez» dela izan onartu du Izagirrek. Hemendik aurrerakoetan, ordea, zer esan handia izango du alkateak eta hark zuzentzen duen taldeak. Hala, egoera lasaitzerakoan, hemendik aurrerako lanak eta epeak zehazteko elkartuko direla adierazi du.
Eva Salaberria Donostia 2016 bulegoko koordinatzaileak zehaztu bezala, «aurkeztutako proiektua ez da itxia, hurrengo urteetan garatzen joango baita».
Batasuna
Prozesu horretan «Donostiak euskal kultura bizi eta emankorra duela erakutsiko dio Europari», esan du Izagirrek. Erronka berriari ilusioz hartuko diotela ziurtatu du. Madrilera egindako bidaiaz, gainera, «oso pozik» dago alkatea, «elkartzen gaituen helburu baten alde desberdinen artean bat egin dugulako eta elkarrekin lan egiteko gaitasuna erakutsi dugulako».
Elkartasun horri eutsiz, Kultura sailburuak Izagirreren hitzekin bat egin du. «Bakea, elkarbizitza eta herritarrak xede» izan dituen proiektua eraikitzeko bidean, gainera, Eusko Jaurlaritza parte hartzeko prest dago, baita Martin Garitanok ordezkatu duen Gipuzkoako Foru Aldundia ere.