Kandelak gogotsu itzaliko dituzte
Donosti Cupek, futbolari gazteen txapelketak, 20. urteurrena ospatuko du uztailaren 3tik 9ra
Dagoeneko 20 urte bete dira lehenengo Donosti Cup antolatu zutenetik. Aurtengo txapelketa ate joka dator eta, igandean taldeen aurkezpena egin ostean, astelehenean jokatuko dituzte lehen partidak futbolari gaztetxoek. Nondik norako zehatzak eman dituzte antolatzaileek, gaur Kubo aretoan egindako aurkezpenean. Bertan izan dira, Juan Karlos Izagirre alkatea eta Gipuzkoako Futbol Federazioko Juan Luis Larrea, besteak beste. Guztiek azpimarratu dute futbolaz haratago, txapelketak duen garrantzia; kulturen arteko ezagutza, elkarbizitza… Iñigo Olaizolak, txapelketako zuzendariak, bereziki, urte guzti horietan bere ondoan lan egin duten guztiak izan ditu gogoan. «Nirekin lanean aritu diren guztiak bihotzean ditut. Agian,urte guztietako momentu hunkigarriena, Urrezko Danborra jaso genuen eguna izan zen».
Hogei urtetan, 50.000 futbolari protagonista izan dira, eta oraindik, ikusle gehiago. Partaideen artean, badago Europako eta Munduko txapeldun izatera iritsi denik; Xabi Alonso tolosarra, esaterako. Alonso 1993ko Donosti Cupean aritu zen.Anoetatik milaka talde igaro dira; horietako gehienak klub ezezagunak ziren Euskal Herrian. Ingurukoek ere, ordea, ez dute hutsik egin: Reala, Athletic, Osasuna, Atletico Madril, Espanyol, Bartzelona. Gainera, futbola hirian zein munduan sustatzeko balio izan du. Sarien artean, ezin ahaztu, 2008an UNICEFek gizarte lanari emandako Kirolaren Espainiako Saria; edota urtebete beranduago, jasotako Urrezko Danborra.
Iaz, 331 talderekin goia jo zuela zirudien. Aurtengoan, ordea, datu hori gailendu dute, 337 talderekin. Izan ere, lehenengo edizioan parte hartu zuten taldeetako askok itzultzea erabaki dute, urtebetetzearekin bat egiteko.
Talde bereziak
Aurtengo talde berezien artean, India, Irak eta Saharako taldeak daude. Hiru talde horiek sekulako esfortzua egin behar izan dute Donostiara etortzeko. Arazoak izan baitituzte baimenak lortzeko. Indiako taldeak FC Eleven izena du, Surat hiritik dator eta gizonezkoen B15 kategorian parte hartuko du. Irakeko taldea, Bagdadeko Futbol Zentroa izenekoa da. Irakeko gerrako umezurtzek osatzen dute taldea. Sahara Mendebala taldea, berriz, Oporrak Bakean ekimenean parte hartzen duten neska-mutilek osatzen dute. Bada beste talde berezi bat ere, Boliviako oihanean bizi diren emakume batzuek osatua. Guztira, 23 ama dira taldekideak, eta txapelketak duen nazioarteko kooperazio programari esker datoz lehiatzera. Xabier Azkargorta da taldeko entrenatzailea eta, Bolivian egon da beraiekin.
Aurreko urteetan bezala, emakumezkoen partaidetzak gora egin du. Aurten, emakumezkoen 73 talde lehiatuko dira. Gainera, lehen aldiz, txapelketan, Europa, Amerika eta Australiako ordezkariak egongo dira lehian bizian. Donostia emakumeen garra ere, oso ondo ordezkatuta egongo da, Añorgako, Intxaurdiko eta Vasconiako taldeak tartean izango direlarik.
Zelaietan ere, berrikuntzak datoz, gehiago ere erabiliko baitituzte. Zehazki, Oriokoa eta Astigarragakoa. Guztira, 17 zelai izango dira partiden lekuko eta Zubieta, sei zelairekin, txapelketako egoitza nagusia bilakatu da. Zalantzarik gabe, ordea, Anoetako finalak izango dira norgehiagokarik jarraituenak. Gainontzeko egoitzak, Anoetako estadio txikia, San Ignazio, Berio, Matigoxotegi, Martutene, Herrera, Puio, Errenteriako Fanderia eta Beraun, Oiartzun, Urnieta, Usurbil eta Hernani izango dira. Bestetik, atzerriko epaileak ere ez dira faltako, Kroazia, Kanada eta Ingalaterrakoak, besteak beste.
Ospakizunean murgilduta
Txapelketaren ospakizunari, urtarrilaren 20an ekin zioten, San Sebastian egunez. Izan ere, 100 lagun inguruk osatu zuten Donosti Cupen lehen danborrada. Amara eta Loiolako Erribera inguruan egin zuten ibilbidea, 15:00etan hasita. Txapelketen egunekin bat eginez, igandean, lehen urtean parte hartu zuten 32 taldeak omenduko dituzte, Anoetan. Bestetik, uztailaren 7an, jaia egingo dute Anoetan; bertan txapelketako langileeak eta talde garrantzitsuenak izango dira omenduak. Azkenik, uztailaren 8an ere Kursaaleko terranzan gaueko jaia egingo dute.