Naturaren artista zelataria
Javier Valverde margolari donostiarraren obraren atzera begirakoa aurkeztu dute Koldo Mitxelenako Ganbaran
Arte giroan hazi zen Javier Valverde (Donostia, 1956). Oiartzunen, Antonio Valverde aita eta pintorearen Aialde estudioan denboraldi luzeak eman ohi zituen. Aitak, gainera, Oteiza, Basterretxea,Txillida, Martiarena, Tapia eta beste hainbat artista izan zituen lagun: «Tamalez, garai hartan gazteegia nintzen, eta nahiago nuen lagunekin jolastu», aitortu du Valverdek. Halere, txikitatik marraztea eta margotzea; paperean zirriborroak egitea; naturala eta sinplea izan da donostiarrarentzat, «mendian egotea edo naturari begira egotea bezala».
Koldo Mitxelenak haren ibilbidearen atzera begirakoa prestatu du Ganbaran, Javier Valverde 1981-2011 erakusketan. Guztira 25 olio bildu dituzte aretoan. Dena den, atzera begirakoaren prestakuntza lanei esker artistaren 208 lan katalogatzea lortu dute: «Aspaldi saldutako koadroak ikusi ahal izatea pozgarria izan da. Batzuk erabat ahaztuta nituen. Guztiak batera ikusi ahal izatea psikoanalisi baten modukoa izan da. Lan hauetan guztietan ni nago; koadro bakoitzak bikain islatzen du bizitzaren zein momentutan nengoen».
Hamabost urterekin hasi zen margotzen. Arreba Rosa eredu izan zen hasiera-hasieratik, eta harekin joan zen Jose Antonio Sistiagaren pintura lantegi librera, bere lehen grafitoak egitera. Teknika guzti guztiak probatu zituen: akuarela, pastela, litografia, marrazketa, kutxak… Baina guztiaren gainetik, olioa.
1979an Gipuzkoako Foru Aldundia eta Kutxaren Artista Berrien Lehiaketa irabazi zuen. Sari hura, eta Bixente Ameztoi, Ramon Zurriarain, Jose Luis Zumeta eta Juan Luis Goenaga artistak ezagutu izana erabakigarria izan zen Valverderek pinturaren bidetik jarraitzeko. Pintura bere bizimodu bihurtu zen 80ko hamarkadan. Surrealismoaren lengoaia bere egin zuen lehen urteetan: El Bosco, Magritte, Chirico eta Ernst izan ziren haren eredu. Kolore garratz eta psikodeliko haiek, ordea, lausotzen hasi ziren. Hurrengo urratsak mantsoago eta astiroago eman zituen eta.
Mendira joan zen bizitzera, Maimotz baserrira (Oiartzundik ordubetera); eta bertan pintatu zuen, ia erakusketarik egin gabe. Berdea eta urdina erabili zituen lurrerako eta zerurako. Paisaia lasaiagoak egiten hasi zen. Sortzaileak, ordea, lasaitasunaren erdian ere beti marraztu ohi du elementu misteriotsuren bat. Umorearentzako tarterik ere bada haren lanetan; Aiako Harriari esaterako txapela jantzi dio Ganbaran ikusgai dagoen koadro batean. Izan ere, lehen begiradan oharkabean pasa daitezkeen xehetasunez beterik daude Valverderen margolanak. Mendi, zuhaitz, baso eta zeruetan, ordea, ez da pertsonarik ageri. Lehen urteetako lanetan izan ezik, beste guztietan natura besterik ez du margotu. Izan ere, arte giroan ez ezik, eta inguruan dituen paisaiei begira ere hazi da Valverde: Aiako Harria, Aizkorri, Ernio… Naturaren edozein aldaketaren zelatan bizi da Aiako Harriaren aurrean eraikitako etxe lantegi batetik. Zerura ere bai. Islandiako sumendiaren errautsak dela eta hegazkinen ibilbideak aldatu egin zituztela nabaritu zuela dio. Aurten marraztutako olio batean islatu du pasadizoa.
90ko hamarkadan zalantzak eta galderak hasi ziren. Hainbat etenaldi egin zituen, baina halere, margotu eta margotu egin zuen. Artistak naturarekin duen harreman berezia islatzen du haren lanetan: «Paisaia horizontalak, leihoak bailiran irekiak, paisaia zatiak beste batzuen barruan… Badirudi Valverderen margolanetan beti daudela margolanak margolanaren barruan; kutxak haren barruan…», azaldu du Edorta Kortadi arte kritikariak artistaren katalogoan. Artistak berak aitortu du paisaiak margotzea baino, paisaiak interpretatzea gustatzen zaiola. Anari abeslariak ere idatzi du argitalpen honetan Valverderen lanaren inguruan: «Paisaia ez da aldatzen, norbera aldatzen da. Beti gauza bera ikusten, eta gauza bera margotuz, aldatzen doa koadroa. Baina aurrean duguna ez da aldatzen. Norbera da aldatzen dena. Norbera da aldatzen doana, eta horregatik aldatzen da koadroa. Beraz, eta beti gauza bera, mendi bera, haitz bera margotu arren beti da desberdina».
Erakusketa
‘Javier Valverde 1981-2011’
Non. Koldo Mitxelenako ganbarab.
Noiz. Abuztuaren 27a arte izango da ikusgai asteartetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.