Autoek garabien lekua bete dute Kontxako aparkalekuan
Cervantes plazako eskulturak mota guztietako iritziak sorrarazi ditu Aparkalekua autobideetako. Via-T txartelarekin ordaindu ahal izango dute erabiltzaileek
«Erdialdea ezin da gehiego zulatu». Halaxe zioen, ostiralean, Jon Albizu Mugikortasun zinegotziak, errotaziorako bideratutako aparkalekuen zikloa Erdialdean agortu zela azaltzeko. Agortu, Erdialdean eta Grosen bisitarientzat autoa uzteko adina leku eskainiko duten Santa Katalina, Katalunia eta Kontxako aparkalekuak handitzeko lanak burutu dituztelako.
Bukatzen azkena Kontxakoa izan da. Hiru urteko lanen ondoren, atzo, eguerdiko lehen minutuak igarota, kendu zituzten sarbideetako hesiak.
Edonork utzi ahal izango du autoa hondartza aurrean. Hondartzatik gertu ez ezik, bestelako erosotasunak eskainiko ditu. Ordaintzerako unean, besteak beste. Autobideetarako baliagarri den Via-T txartelarekin aparkalekua ordaindu ahal izango dute errotaziorako bideratu dituzten 607 plazatako batean autoa uzten dutenek.
Lehen hiru solairuetan banatzen diren plaza horietako bat hartzen lehena egunpasa hirira etorritako Getxoko familia bat izan zen. Haiek, lehenengo solairuan autoa uzten duten guztiek bezala, erabiltzaileen arreta bereganatzen duen Kontxako badiaren muralarekin egin zuten topo.
Azken bi solairuak –619 plaza– bizilagunentzat dira. Joaquin Ubillos izan zen aparkalekua ireki bezain laster eskuratutako plaza ikustera hurbildu zen lehen bizilagunetako bat. Semeak probetxu handia aterako diola kontatu du. Aparkalekua txukun geratu dela egiaztatzeaz gain, enpresari orain arte egindako erreklamazioei ez dietela kasurik egin kexu da. «Ekipamendua eraikitzen ari ziren bitartean, eraikin bateko aurrealdea zikindu zuten, eta ur hodi bat apurtu zenean, inguruko sotoak urez bete ziren».
Cervantes plaza
Lanak korapilatsuak izan direla onartu du aparkalekua kudeatuko duen enpresako gerenteak, Sergio de Castrok. Oinezkoentzako eta autoentzako pasabideak lehenbailehen libratzeko, goitik behera eraikitzen hasi ziren. Ia hiru urtez aritu dira lanean eta hesia parez-pare zutenez, zigorturik zeudela gogoan dute Basque kafetegian. Cervantes plazaren ondoan bizi dira Carmen Legarra eta bere senarra, eta haiek ere gertutik jarraitu dute aparkalekuaren bilakaera. Atzo, jarri berri dituzten eserlekuetako bat «probatzen» ari ziren, eta bertatik ikusten zutenarekin pozik zeuden. Aldaketa gustukoa du senar-emazteak.
Ondoan zegoen Sira Crespo gaztearen ustetan, plaza argiagoa eta irekiagoa da, lehengoarekin alderatuta. Plazaren erdigunean, baina, eskultura modernoagoa jarriko luke. Plazatik bueltatxoa ematen ari zen Elenak ere ez du On Kixote eta Santxo Panzaren eskultura oso gustuko. «Papergaineko» baten antza duela dio. Plaza dotorea den arren, eskultura apainago batek plaza ederragotuko lukeela uste du. Gure lurraldean, gainera, «primerako artelanak egin eta egiten dituzten artistak daudela» adierazi du.
Emiliok bere horretan utziko luke eskultura. Lehen baino leku ageriagoan dagoela zehaztu du eta ez du eskuko telefonoarekin On Kixote eta Santxo Panzari argazkia ateratzeko aukera galdu. Cervantes plazaren pare, Kataluniakoa ere apain dagoela gaineratu du.
Azken ukituak
Cervantes plazak izan duen aldaketarekin konforme ez daudenek, bizpaihiru aste barru, behar bada, iritziz alda dezakete, oraindik azken ukituak falta baitzaizkio plazari eta aparkalekuari.
Hala nola, zementuaren nagusitasuna estaliko duten belar eta landare asko landatu gabe dituzte oraindik. On Kixote eta Santxo Panzaren eskultura egurrezko xaflez inguratuta egongo da eta horiek jarri gabe daude. Andia kalean Eusko Jaurlaritzaren egoitza parean jarri duten autoentzako sarrerara iristeko, era berean, Garibai eta Hernani kaleen arteko eremua noranzkoz aldatu dute. Gidariek okerrik izan ez dezaten, semaforo eta seinaleak jartzen ari ziren atzo.
Gidariek ez ezik, oinezko eta txirrindulariek ere bereizitako bideetatik joan beharko dute. Txirrindulariek zabalik baitute Kontxa zeharkatzen duen bidegorria nahiz Loiola kalearekin bat egiten duen zatia ere. Ezezaguna da txirrindulari askorentzat zatitxo hori eta askok espaloi ala errepidetik jarraitzen dute aurrera. Gidariek urteotako joerak errepika ez ditzaten, mugikortasun agenteak aritu dira argibideak ematen.