Frankismoaren biktimak gogoan dituzten plakak kendu dituztela salatu dute
Genozidio Frankistaren Biktimen Elkarteko kideek jakinarazi dutenez, Uliako gainan eraildako donostiarrak gogoan dituen metakrilatozko plaka desagerrazi dute. Hori gutxi ez, eta Sagueseko Kaiolan frakismoak zigortutakoak gogoan izateko Udalak jarri zuen plakaren arrastorik ez dago.
Elkarteko kideek ekintzok salatzearekin batera, erakundeetako ordezkariei ere haiekin bat egin eta egoera sala dezatela aldarrikatu dute. Elkarteko Felix Sotok adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Barne sailak ikerketa abiaraztea premiazko jo dute. «Horrelako jarrera faxistak ugaritzen ari dira eta zer gertatzen ari den argitu beharra dago».
Uliako plaka kentzen duten bigarren aldia dela kalkulatu dute aurreko mendean gertatutakoa ez ahazteko lanean ari diren lagunek. Lehenengoa duela bi urte inguru jarri zuten eta iaz lapurtu egin zuten. Azken plakak, hortaz, urtebete iraun du.
Uliako plakaren aurrean, bada, omenaldi txiki bat egiteko asmoa zuten, uztailaren 23an. Plakarik gabe, ordea, bertan behera utziko dute. Elkarteak urtero antolatzen du frankismoaren ondorioak pairatutako biktimei gorazarre egiteko ekitaldia. Bertsolari, dantzari eta txistulariekin gertatutako ez ahaztekoa unea izaten dela azaldu dute. Orain, plaka berria egin artean itxaron beharko dutela diote.
Uliako oroigarriaren pareko ibilbidea egun du Udalak Saguesen, Zurriola hondartza ondoan dagoen Kaiolan –Aita Claret plaza–, jarritako plakak. Bi urte dira jarri zutela eta hamaika bider zikindu dutela adierazi dute. Oraingoan, baina, ez dute pinturaz zikindu, itsatsita dagoen harritik kendu baizik. Aurreko astean ohartu ziren plaka eusteko lau iltzeak besterik ez zituztela utzi.