Atletico Madrilekin hasi eta Valentziarekin bukatuko du Liga Montanierren Realak
Bihar goizean izango du talde txuri-urdinak denboraldiko lehen entrenamendu ofiziala, Zubietan.
Akats teknikoak tarteko, Madrileko Las Rozasen egindako zozketa, hasi eta bukatzea lortu dute, gaur eguerdian. Lehenengo bi partidak erabaki ostean, arazoak egon dira sistema informatikoarekin; eta minutu batzuetan geldirik egon da zozketa. Edonola ere, Espainiako Lehen Mailako futbol Ligak erabakiak ditu jardunaldi bakoitzeko aurkariak. Abuztuak 21ean emango diote lehen ostikada baloiari, eta maiatzaren 13a arte arituko dira golaren bila. Tartean, guztien gusturako partidak.
Lehen jardunaldian, Realak Atletico Madrilen aurka jokatuko du, etxean. Liga bukatzeko, berriz, Valentziaren bisita jasoko du talde txuri-urdinak. Lehen jardunaldian, hauek izango dira gainontzeko norgehiagokak: Betis-Sevilla; Real Madril-Athletic; Malaga-Bartzelona; Osasuna-Valentzia; Racing-Getafe; Vila Real-Sporting; Levante-Zaragoza; Rayo Vallecano-Mallorca; Espanyol-Granada.
Ligako bi izarren arteko partidak, hau da, Real Madril eta Bartzelonaren artekoak; abenduaren 11n, Bernabeun, eta apirilaren 22an, Camp Noun izango dira. Arazotxo bat dago, ordea, abenduaren 11n, Bartzelonak kluben arteko mundialitoa jokatu behar duela, beraz, aldaketaren bat egon daiteke. Realak goiz ikusiko ditu bi talde handiak; kataluniarrak irailaren 11n eta Madrilekoak, urriaren 30ean.
Euskal derbiei dagokienean, uste baino lehenago iritsiko da bizkaitarren bisita. Urriaren 2an etorriko da Athletic Anoetara eta, itzulerakoa, martxoaren 4an izango da. Osasunarekin, 2012an lehiatuko da; urtarrilaren 8an etxean, eta maiatzaren 6an, Iruñean.
Lanerako prest
Dagoeneko Realeko jokalari batzuk Zubietara hurbiltzen hasi diren arren, biharko deitu du lehen entrenamendu ofiziala Philippe Montanierrek. 10:00etan elkartuko dira entrenatzaileak deitutako 27 jokalariak. «Ez nau kezkatzen hasierak, talde guztien aurka jokatu behar baitugu. Taldea entrenatzeko gogoz nago, betiko dinamikan sartzeko», adierazi du entrenatzaileak.
Lehen Maila, 2011-2012 denboraldia: Realaren egutegia
Abuztuak 21/Urtarrilak 22.
Reala-Atletico Madril.
Abuztuak 28-Urtarrilak 29.
Sporting-Reala.
Irailak 11/Otsailak 5.
Reala-Bartzelona.
Irailak 18/Otsailak 12.
Sevilla-Real Sociedad.
Irailak 21/Otsailak 19.
Reala-Granada.
Irailak 25/Otsailak 26.
Mallorca-Reala.
Urriak 2/Martxoak 4.
Reala-Athletic.
Urriak 16/Martxoak 11.
Zaragoza-Reala.
Urriak 23/Martxoak 18.
Reala-Getafe.
Urriak 26/Martxoak 21.
Levante-Reala.
Urriak 30/Martxoak 25.
Reala-Real Madril.
Azaroak 6/Apirilak 1.
Rayo Vallecano-Reala.
Azaroak 20/Apirilak 8.
Reala-Espanyol.
Azaroak 27/Apirilak 11.
Betis-Reala.
Abenduak 4/Apirilak 15.
Reala-Malaga.
Abenduak 11/Apirilak 22.
Vila-Real-Reala.
Abenduak 18/Apirilak 29.
Racing-Reala.
Urtarrilak 8/Maiatzak 6.
Reala-Osasuna.
Urtarrilak 15/Maiatzak 13.
Valentzia-Reala.