‘Barrio Sesamo’-ren B aldea
Uztailaren 28an iritsiko da Madriletik Viktoria Eugenia Antzokira ‘Avenue Q’ musikala
Haurrentzako ikuskizun batekin nahastu daiteke, protagonista nagusiak txotxongiloak direlako, eta Barrio Sesamo saioaren antza duelako; baina Avenue Q musikalean ezer ez da dirudiena. Umore garratz eta gogorrez jorratzen ditu langabezia, homosexualitatea, pornografia eta arrazakeria bezalako gaiak. Ikuskizuna beraz, helduentzako prestatu dute. Princeton gaztea da pertsonaia nagusia: lizentziatu berria da, ez daki bizitzan zer izan nahi duen… New Yorkera joango da bizitzera, Avenue Q auzora. Angel Padilla aktoreak igoko du eszenatokira Princetonen txotxongiloa: «Auzo honetan hainbat pertsonaia ezagutuko ditu. Batzuek Barrio Sesamo-ko pertsonaien antza dute, baina haien B aldea dira. Trecky Monster-ek, adibidez, gailetak jan beharrean pornoa irentsi egiten du; eta gure Nicky eta Cole Epi eta Blas bezalakoak dira, eta haien bidez hitz egingo dugu homosexualitateaz».
Aktoreek eskarmentu handia dute musikaletan. Isabel Malavia, esaterako Fiebre de Sabado Noche lanarekin izan zen Viktoria Eugenia Antzokian. Madrilen 240 emanaldi egin eta gero etorriko dira Donostiara: «Ikusle guztientzako ikuskizuna da; musikalak gustuko ez dituztenek ere disfrutatuko dute», adierazi du Padillak.
Musikala, ‘Avenue Q’
Noiz. Uztailaren 28tik 31ra.
Non. Viktoria Eugenia Antzokian.
Sarrerak. 35, 30 eta 25 euro.