Ez dio erakargarri izateari utzi
Uliako Basolluako eraikina eraberritu dute; kanpotik garai bateko egitura mantentzen duen arren, askaldegi moderno bilakatu da lanen ostean.
Pil-pilean da berriz Ulia. 1909. urtean eraiki zuten Basolluako eraikina, eta plater tiroaz gozatzera igotzen zen jende mordoaren erakargune bilakatu zen XX. mendean. Aldapetan gora nekatu nahi ez zutenentzat, gainera, tranbia eraiki zuten. Uliako parkea aisiari etekinik handia ateratzeko gunea izan da betidanik. Aurreko mendean bizitako oparotasun hartaz, baina, landareak estalitako arrastoak eta kolore horixka duten argazkiak besterik ez dira geratzen.
Ulia parke handi eta erakargarri bihurtzeko gogoa eta indarrak, aldiz, bizirik darrai. Hala, Espainiako Gobernuaren laguntzaz, Basollua eta Ulia gainako ingurua txukundu dute. Eraikinaren egitura bere horretan mantendu dute; barruan, ordea, askaldegi modernoaren traza du, garai bateko Ulian atzera egiten duten argazkiz apainduta.
Urteetako ixiltasuna desagertu eta zalaparta itzuli da berriz Uliara, donostiarrek inguru horrekin duten lotura beti egon delako bizirik.
Gonzalo Fernandez Etxeberria; Uliako askaldegiko arduraduna:
«Donostiara hurbiltzeko gogoa nuenez, ez nuen aukera galdu»
Atzo arratsaldeko inaugurazio ekitaldirako prestaketa lanetan harrapatu du Irutxuloko Hitzak Gonzalo Fernandez Etxeberria, ireki berri duen Uliako askaldegiko arduraduna. Alarmak behar bezala zebiltzala egiaztatu behar zutenez, eraikina hustu eta kanpoan izan da elkarrizketa.
Jo eta su ari zarete lanean.
Ekainaren 25ean zabaldu genuen; bi aste daramatzagu lanean, beraz. Ireki bezain laster lasai ibili baginen ere, asteburua gerturatu ahala, jendea ere erruz hurbiltzen hasi zen. Asteburua ikaragarria izan da, eguraldia lagun izan dugu, gainera. Datozen egunetarako aurreikuspenak oso onak dira erreserba dezente ditugulako. Ezkontzak ospatzeko eta bazkari handitarako ere jendeak hitzordua eskatu du jada.
Hainbeste urtez itxita egon ondoren, zabaltzeko irrikaz zegoen jendea, ala?
Bertatik igarotzen den jende ugari sartzen da, eta horietatik askok noiz irekiko zain zeudela adierazi digute.
Askaldegiak eskaintza zabala du, ezta?
Denetarik du, bai. Hamaiketakorako eta bueltatxoa egin ondoren zerbait hartzeko gogoz den jende asko dabil, asteburuetan batipat. Osteratxoa egiten ari den jende asko txorizo egosia jatera dator, esaterako. Bazkarietan ere jangela bete egiten da. Afarietan, zizka-mizka aritzen da jendea: entsaladak, arrautza frijituak… Udan, eguneko menua, asteburukoa eta sutan erretako produktuekin osatutako karta eskaintzen dugu. Astean zehar 11:00etan irekitzen dugu gaua arte. Asteburuetan, berriz, goizeko 10:00etan.
Askaldegi aurreko zelaia erabiltzen al duzue?
Zelaia denentzat erabilgarria da. Umeak bertan ibiltzen dira jolasean. Aitak terrazan patxadaz diren bitartean, gertutik zain ditzakete. Guk terraza eta barruko jangela dugu. Denera, 200 lagunentzako tokia dago.
Uda igaro ondoren, zein asmo duzue?
Ordutegiak finkatu gabe ditugu. Asteburuetan bakarrik ala astegun goizetan ere lan egin ala ez erabaki behar dugu. Urrian lasai pentsatu beharreko kontua izango da. Jatetxe bateko karta zabalagoa osatzea espero dugu, halaber. Poliki joatea nahiago dugu, ordea.
Askaldegiaren ardura hartu aurretik, ibilbide luzea egin duzu, ezta?
Hemen ikasi nuen sukaldaritza eta hainbat jatetxetan egin ditut praktikak: Urolan, Urepelen, Nikolasa Etxean… Astelena jatetxean lan egin ondoren, kanpora joateko gogoa nuen eta Txilen jatetxe batean aritu nintzen urtebete. 2000. urtean nire lehenengo jatetxea ireki nuen Sorauren herrian, Iruñea ondoan. Duela sei hilabete utzi nuen; Uliako erronkari heltzeko, hain zuzen ere. Iruñean, dena den, beste bazkide batzuekin batera, arroza berezitasuna duen jatetxea dut. Etorkizunean, arrozaren munduan murgiltzeko gogoa dut. Terrazan jateko, arrakasta handia izango lukeela uste dut.
Sorauren herritik Donostiara bueltan.
Donostiara hurbiltzeko gogoa nuenez, ez nuen aukera galdu. Oso pozik nago egindako hautuarekin. Sukaldea oso argitsua da eta lekua primerakoa da.
Aurreko Basollua ezagutzen al zenuen?
Txikitan hamaika bider etorri naiz gurasoekin. Makina bat ordu igaro ditut hemen korrika eta jolasean.