Internet, zuzen idazteko bidea
Teknologia berriak eta euskara uztartzearen beste urrats bat egin du Eleka Ingeniaritza Linguistikoak ‘www.idazlagun.eu’ atariarekin; tresna ezagunak eta berriak batu ditu idazlanak euskaraz egin behar dituztenei laguntzeko.
Behar bezala idazteak lanak ekartzen ditu edozein hizkuntzatan, baita euskaraz ere. Eleka Ingenieritza Linguistikoa honen jakitun, berak sortutako hainbat baliabide bildu ditu Idazlagun web aplikazioan. Profesionalei zuzendutako tresnak hiztegiak, ortografia zuzentzailea eta beste hamaika trepeta jarriko ditu bezeroen esku. Ezerosoagoak izan arren, Interneten beste hainbat laguntza ere aurki daitezke; horietako asko arduradun bertsuen esku.
Atzo aurkeztu zuen Eleka Ingeniaritza Linguistikoak www.idazlagun.eu ataria. Euskaraz idatzi behar duten langileentzat prestaturiko gunea da, bertan hizkuntzarekin zerikusia duten hainbat tresna «moldagarri» aurki daitezkeela.
Idazlagun egitasmoaren oinarrian, Elekak urteetan garatu dituen beste erreminta daude. Ibaetako Informatika Fakultateko IXA taldeak eta Elhuyarrek sorturiko enpresak 15 urteko ibilbidea duelako hizkuntza eta makinak bateratzeko langintzan. Bereak dira, besteak beste, Xuxen ortografia zuzentzailea edo Opentrad itzultzaile automatikoa.
Hain zuzen ere, www.idazlagun.com-en sartu ondoren, haurreko bi horiez gain, beste hainbat modulu aurkituko ditu erabiltzaileak: edukien bilaketa errazten duen gramatika modulua, deklinabidea, aditzen jokatzea eta abar luze bat. Aldez aurretik sortutako tresnak biltzeaz gain, espresuki sorturiko beste batzuk daude; hala nola, zalantzak argitzeko formularioa zein orduak eta datak zuzen idazteko tresna. Bezeroaren beharren arabera ere moldatu daiteke ataria.
Beste doako tresnak
Datak eta orduak zuzen idazteko modulua doan erabil daiteke www.idazlagun.eu-ren sarrera gunean. Ataria profesionalei zuzenduriko tresna izatean, mantentze kostua badauka eta, horren eroso ez diren arren, Elekaren tresnaren moduluen doako baliokideak Interneten aurki daitezke.
Donostiako Euskararen Patronatuaren www.euskaraz.net gunean baliabide ugarietarako sarbidea ematen duten loturen zerrenda dago. Jaurlaritzaren webgunean –www.euskadi.net– ere euskaraz idazteko tresna informatikoen katalogoa aurki daiteke.
Firefox Internet nabigatzailearentzat oso tresna baliagarria aurki daiteke www.euskalbar.eu gunean. Gehigarri honek hamaika hiztegi, itzultzaileen posta zerrenda eta bestelako baliabideetarako sarbidea ematen du.
Beste asko badiren arren, ezin errepaso labur hau bukatu Elekak berak denen esku jarritako www.xuxen.com gunea aipatu gabe. Gune horretako formularioan testua sartuz gero, ortografia zuzentzea egingo du aplikazioak berak. Hala ere, haurreko guztiek ez dute ordezkatzen norberaren ezagutza, makinak onak izanik, perfektuak ere ez direlako.