Itzuli dira urteroko bisitariak
Zezenak urtero Iruñera itzultzen diren bezalaxe, marmokak ere heldu dira badia ingurura. Marmoken artean, gainera, ziztadarik mingarriena eragiten duen portugalgo carabela deiturikoak izan dira etortzen azkarrenak, duela hiru urtetik hona hondartzazaleen artean ezagun egin diren espeziekoak. Asteburuan begiztatu zituzten eta asteartean Ondarretan igerian zeuden bi lagunek bisitaren ondorioak pairatu zituzten.
Gaurko azken berrien arabera, lasai egoteko moduan dira bainu-hartzaileak, haizeak lagun, kostaldetik urrun direlako.
Hala ere, Nora Galparsoro, Hondartzetako zinegotziak ohartarazi bezala, arreta ezin da galdu, «joan diren bezala etor daitezkeelako». Gurutze Gorriarekin koordinatuta, beraz, hartu beharreko neurriak hartzeko prest daudela ziurtatu du.
Marmoken ibilbidea gertutik zaintzen, behinik behin, itsasontzi bat dago. Badia barruan eta kostaldetik mila erdira alerik sartu ote den aztertzeko ardura du egunero. Zaintza indartu eta marmoka talde handia jasotzeko lana biderkatu behar denerako, hiru ontzi dituzte prest. Aurten hartutako neurriak iazkoen parekoak direla nabarmendu du Galparsorok. Halere, iaz marmokak jasotzen arrantzontziak aritu zirela, eta aurten, garbiketa enpresako ontziak arituko direla argitu du zinegotziak.
Banderak
Kostaldea zaintzeaz arduratzen diren langileez gain, bainu-hartzaileek ere adi-adi egon beharko dute. Hala itsasoa zein egoeratan den zehazten duten banderei ez ezik, sorosleek marmokarik ote dagoen aditzera ematen duen bandera zintzilikatu duten begiratu beharko lukete.