Hik Hasik eta EHUk antolatutako XII. Udako Topaketa Pedagogikoak egin dituzte azken hiru egunetan Santo Tomas Lizeoan. Dozenaka hezitzailek alor berrietan prestatzeko parada izan dute.
Antzerki irakaskuntzari buruzko ikastaroko partaideak, saioan (Argazkia: Mikel Goñi)
Ikastetxeetako gelak orain aste gutxi hutsik gelditu ziren. Jolastokiak ere isildu egin ziren bizkar zorroak liburuz beteta zituzten haurrak oporretan joatean. Arbel aurrean jartzen diren 450 irakasleek, ordea, ikasleen tokia hartzea erabaki dute mahaien beste aldean jarriz. Izan ere, egunotan, Hik Hasik eta EHUko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailak hamabigarrenez antolatutako Udako Topaketa Pedagogikoak egin baitituzte Santo Tomas Lizeoan.
Hezitzaileek alor anitzetan prestatu edo ezagutzak sakontzeko parada izan dute aurten ere. Ikastolako hainbat gela, areto eta arkupe hartuta, hiru eguneko 20 ikastaro egin dituzte goizero. Berrikuntzen artean, Ana Elorzak gidatutako
Oh happy, kanta eta dantza ezazu kantagintza eta koreografia modernoari buruzko lantegia, edo Asier Sotak antzerki irakaskuntzan trebatzen hasi nahi dutenentzat emandako
Antzerki irakasle jantziak, antzerkiaren balioak hedatzeko. Horiekin batera, urtero arrakasta duten lantegiak ere izan dira: psikomotrizitatea, haurrentzako masajea edo informatikari lotutakoak.
Prestakuntzaz gain, hezkuntza bera ere eztabaidagai izan dute egunotan. Lehenengoz, hezkuntza foro berezia antolatu dute eragile, hezitzaile, aditu nahiz sortzaileek elkarrekin hausnartzeko. Hezkuntzaren bide berriak eta bere rola aztertu dituzte.
Hezitzaileei zuzendutako saioekin batera, arratsaldeetan jende guztiari zabalduriko antzerki ikastaroak egin dituzte Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin lankidetzan. Hauen xedea, antzerkizaletasuna sustatzea zen, eta bertan parte hartu dute, besteak beste, Julia Marinek, Mattin Irigoienek, Ander Lipusek eta Asier Sota buru duen Añorgako antzerki taldeko gazteek.
Alvaro Beñaran-Pedagogia terapeutikoan lizentziatua
«Garrantzitsuena haurra nola ulertzen dugun eta berarekiko dugun jarrera da»
Alvaro Beñaran (Amara Berri, 1957) ia 25 urte dituen Bergarako Psikomotrizitate Eskolako irakaslea da. Egunotan emandako ikastaroan, 2 urteko gelan dauden haurrak psikomotrizitatearen bidez nola ezagutu eta ulertu irakatsi die hezitzaileei.
Zein da ikastaroaren oinarria?
2 urteko haurra bere burua eraikitzen ari da eta bestearengandik banaketa lantzen. Bi gauza horiek larritasuna eragiten diote, horregatik bere burua ziurtatzeko elementuak eta aukerak eman behar zaizkio. Larritasun horiek jasangarriak zaizkionean, konpentsatzeko baliabideak sor ditzake. 2 urteko haurrak, jolasten, mugitzen konpentsatzen du. Guk ez dugu haurren jolasa zuzendu behar. Giroa sortu, materiala jarri eta gure jarrera lantzen dugu haurrak egiteko iniziatiba izan dezan. Salto egin edo bere burua botatzean plazerezko gorputz sentsazioak jasotzen ditu, bere burua eraikitzen doa, ‘norbait naiz eta plazera dut nire barruan’ sentitzen du.
Autonomia lantzen laguntzen dio?
Erabat. Helburuetako bat modu autonomoan bizitzen jarraitzeko baliabideak sortzea da. Noski, heldua hor dago. Ez da zerbait lineala, joan-etorrikoa da; presentzia-absentzia dinamikarekin jokatzen dugu. Haurra nahi duenean etor daiteke helduarengana, segurtasunera; eta nahi duenean joan.
Jolasak haurrari buruz hitz egiten du?
Pila bat. Haur txikiek nola dauden jolasaren, ekintzaren, gorputzaren bidez esaten dute. 2 urteko haurrek oso gutxi hitz egiten dute oraindik, eta gorputza da beraien erreminta onena.
Haurra ulertzeko balio du, beraz.
Jende asko, praktikagatik baino, irakurketa honen bila dator. Gero eta gehiago haurrari buruz hitz egiten dugu; eta gero, praktikari buruz aritzen gara une batez. Azken buruan, metodologia bat baita. Garrantzitsuena haurra nola ulertzen dugun eta berarekiko dugun jarrera da.
2-3 urteko haurren hezkuntzan hutsunerik nabari al duzu?
Orokorrean, 0-3 urteko haurrekin lan egiten duen jendeak hauek ulertzeko eta zer egin jakiteko formakuntza eskatzen duela ikusten ari gara.
Zein da zailtasun nagusia?
Haur txikiaren hezkuntzaren zailtasunetako bat oreka da; nola lagundu inbaditu gabe, nola lagundu autonomia emanez.Haur txikia gehiegi babesteko arriskua dago, bere iniziatiba eta autonomia estaltzearena, haurraren espazioa inbadituz. Ulertu behar dugu haurrak behar gaituela, baina ez beti. Denbora eta espazioa eman behar zaizkio, probatzeko eta gaizki egiteko. Horrela konfiantza hartzen doa, eta helduak ere beragan konfiantza duela ikusten du, uzten diolako. Ez da axolagabea izan behar ere, presentzia eta laguntza eman behar zaizkio, baina baita aritzeko espazioa ere.
Guraso eta irakasleen hezteko moduen artean aldea badago, zer?
Koherentzia badago, primerakoa da; sumatu egiten dugu, eta haurrak aurrera doaz abiadan. Baina batzuetan gatazka dago, familiak ikuspegi batitik ikusten du, eta guk bestetik. Koherentzia aurkitzen saiatu beharko genuke, nahiz eta batzuetan ez den erraza. Elkarlana oso garrantzitsua da, eta familiarekin harremana eduki behar da.