Easo plazatik zuzen egingo dute aurrera txirrindulariek
Amarabai auzo elkarteko kideak pozik dira Udalak Easo plazako oinezko bidetik bidegorria kentzeko eskaera aintzat hartuko duelako. Udalak, honenbestez, Amaratik Kontxara doan bidegorriaren ibilbidea aldatuko du Easo plazaren parean. Era horretan, oinezkoek ez dute aurretik ala atzetik bizikletaren bat datorren begira ibili beharko, errepidetik zuzen jarraituko duelako bidegorriak.
Moraza eta Larramendi kaleen artean, Easo plazak hartzen duen eremuari eragingo dio aldaketak; tarte horretan sartzen baita bidegorria espaloi gainetik. Txirrindulariak errepide bazterretik joan daitezen, motoentzako aparkalekua eta zamalanetarako eremua lekuz aldatuko du Udalak. Aurreikuspenen arabera, motoak Urbieta kalera bidaliko dituzte, Arte Ederren eraikinaren aurrera. Zamalanetan aritzen diren kamioiak Moraza kalera joan beharko dute. Egun jarduera honetara bideratuta dagoen eremua zabaltzeko asmoa dute.
Aldaketa horiek gauzatzen astelehenean hastea espero dute. Egin beharreko egokitzapenak korapilatsuak ez direnez, egun gutxitan amaituko dutelakoan daude. Denera, 21.000 euro gastatuko dituzte Easo plaza oinezkoentzat mugatzeko.