Hasteko, goiz eta arratsaldez
Oporrak bukatuta, denboraldi-aurreko entrenamenduetara itzuli dira Realeko lehen taldeko jokalariak, Philippe Montanierren aginduetara; zaleek ez dute hutsik egin.
Langile gehienak oporrak noiz iritsiko zain dauden bitartean, futbolariei bukatu zaizkie. Liga bukatu zutenetik izan dute atseden hartzeko denbora eta orain, benetako lana egiteko garaia iritsiko zaie. Realeko lehen taldearen bi entrenamendu saioak zuzendu ditu Philippe Montanierrek, gaur, estreinekoz. Lehena, goizean, 10:00etan hasi eta 11:30ak ingura arte. Nahiko entrenamendu lasaia izan da, korrikaldi saio txiki batzuk, eta baloiarekin ariketa gutxi batzuk. Arratsaldean, berriz, ate itxian aritu dira. Saio fisikoagoa izango zela aurreratu du entrenatzaileak.
Familia argazkia atera ostean, korrika egiteari ekin diote jokalariek goizean. Guztira, 27 jokalari deitu zituen Montanierrek; tartean, Sanseko bost. Atezainak hiru ziren, baina Claudio Bravo falta zen; Txileko selekzioarekin Amerikako Kopa jokatzen ari baita. Antoinne Griezmann ere ez da egon, Frantziako selekzioarekin jokatzen ari baita. Kazetariei jakinarazi zaienez, biak ala biak, euren lehiak bukatu eta bi astera itzuliko dira. Hala, atseden pixka bat hartzeko denbora izango dute.
Zelaiaren inguruan, kazetariak ez ziren falta, nabari zen lehen lan eguna zela. Harmailei begiratuta, ikusleak ere asko. Baina horrek bazuen arrazoi nagusi bat: Donosti Cup. Ikusleen artean, realzaleak bazeuden arren, Donosti Cupeko atzerriko jokalariak eta horien gurasoak ziren asko eta asko. Edonola ere, bat baino gehiago ziren elastiko txuri-urdina soinean zeramatenak. Jokalariak hurbiltzen ziren bakoitzean, animo oihuak botatzen zituztenak.
Zaleak, zelatan
Harmailetako jarraitzaile finengana jo du Irutxuloko Hitzak, eta, bertan, denetariko iritziak jaso ditu. Elkarrekin joan dira entrenamendua ikustera, Jon Diaz de Mendibil eta Beñat Mendizabal, lagun oiartzuarrak. «Aurreko denboraldikoari jarraipena eman behar zaio, baina hiruzpalau errefortzu behar dira», iritzi du Diazek. Entrenatzaileari dagokionean, ez dira gehiegi busti. «Oraindik ez dugu gehiegi ikusi, beraz, ezin dugu asko esan. Emaitzek esango dute. Beste hizkuntza batean hitz egiten duela dakigu, baina badirudi gaztelera behintzat azkar ikasiko duela; ea euskaraz ere aritzen den», adierazi du Mendizabalek. Martin Lasarterekin alderatzen ausartu dira. «Lasarteren lana, emaitzen aldetik begiratuta, ezin da ukatu, ongi aritu zela. Baina alderdi batzuetan ez nengoen berarekin guztiz ados; orain ikusiko dugu zer moduz berriarekin», aipatu du Diazek. Helburuei dagokienean, Mendizabalek argi dauka; «helburuak zaleak pozik uztea eta maila mantentzea izan behar dira».
Javier Pavon ere konpainiarekin hurbildu da Urnietatik Zubietara; bi haurrak hartuta. Hala ere, jokalarien lana ikusteko aukera izan du. «Fitxaketaren bat behar da, baina, taldearen oinarria mantenduta, denboraldi ona egin dezaketela uste dut», dio Urnietakoak. Bestetik, Lasartek kluba uzteak pena eman zion arren, entrenatzaileen etapak laburrak izan behar dutela uste du. Denboraldiari begira, gora begiratu behar dela deritzo: «Mantentzea baino gehiago lortzen saiatu behar gara, mantentzea lehenago lortzeko». Mikel Etxabe elgoibartarra, adi-adi aritu da entrenamendua jarraitzen. «Gipuzkoarrez osatutako taldea nahiko sendoa da; gustura gaude. Pare bat atzerritar ekartzen badituzte, kalitatea izan dezatela, nabarmendu daitezela». Entrenatzaileari buruz, hitz onak izan ditu; «Montanier kalitatezko entrenatzailea da, eta uste dut denboraldi ona egingo dutela». Helburua, mantentzea den arren, beste eskaritxo bat ere egin du Etxabek, barre artean; «bilbotarren aurretik geratzea».
Nerea Mateos eta Ane Urdangarin, txuri-urdinez joan dira Zubietara. Saskibaloi jokalariak diren arren, futbola gustuko dute, eta Anoetara joateko ohitura dute gainera. Bi lagunek nahiago zuten Lasarte geratzea, baina beste gauza bat du Mateosek buruan: «Raul Tamudo joateak pena eman zidan». Hala ere, Montanierrek «talde ona» duenez, erraz egingo duela uste dute. «Mantendu eta agian laugarren postuan gera daitezke».