Aingeru Gorrotxategi: "Hasieran ez nuen uste inoiz gitarra hartuko nuenik"

Aingeru Gorrotxategi

‘Saguekin dantzan’ diskoa kaleratu berri du donostiarrak. Hainbat musikari eta idazle izan ditu lagun bigarren lanean. Irailean ekingo dio aurkezpen birari. Duela bi urte lehen diskoa argitaratu zuen: ‘Meinhattango k@ntuak’. Pop rockaren bideari ekin zion Aingeru Gorrotxategik (Gros, 1977). Oraingoan ere, ‘Saguekin dantzan’ lanean, estilo berari eutsi dio. Hiru urte dira Bilbora joan zenetik. Musika Hezkuntza ikasketak egiten ari da bertan. Pop rockaren bidetik jarraitu du musikariak. Irailean hasiko da kantu berriak zuzenean jotzen. ‘Saguekin dantzan’ izena du diskoak, zergatik? Diskoaren azala marrazki batekin egin nahi nuen, ez nuen argazki bat jarri nahi. Ilustratzailea den lagun batekin hitz egin nuen, laguntza eskatu nion. Ni eta nire kolaboratzaileak marrazteko eskatu nion. Sagu moduan irudikatzea proposatu zidan. Ideia gustatu zitzaidan, eta horrela geratu da azala. Diskoan ere badago abesti bat izenburu berekoa. Pop rock estiloari eutsi diozu. Bai, baina oraingoan musikari talde bat izan du lagun: biola, zeharkako flauta, alboka, eskusoinua, saxofoia… Eta iazko diskoan bezala, gitarra, baxua eta bateria. Nahiz eta zuzenekoak gehienetan bakarrik egiten ditudan. Disko hau apainduagoa da. Sei kolaboratzaile izan ditut disko berrian. Doctor Deseorekin jotzen du Agus Perezek; The Uski’s-eko zuzenekoetan parte hartu ohi du Ander Marino Elorzak… 2008an ekin zenion bakarkako ibilbideari. Lehen diskoa Frankfurten grabatu nuen. Han bizi nintzen lau urtez, eta bertan konposatu nuen. Oso lan pertsonala da; han gertatutako gauzak kontatzen ditut. Disko berrian, aldiz, ez dut istorio zehatz bat jarraitzen. Hainbat idazlerekin jarri naiz harremanetan, eta kanta batzuk idatzi dituzte. Laura Mintegi, Josu Lartategi eta Iñaki Mendizabalen testuetan oinarritutako abestiak ere badaude bigarrenean. Mikel Laboak abestu ohi zuen ‘Txinaurriak’ kantaren bertsio bat ere egin duzu. Mikel Laboa euskal musikariontzat maisu bat izan da. Kantautore moduan oso gertutik sentitzen dut. Gainera donostiarra zen, ni bezala. Miresmen handia diot. Beti egin izan nahi dut zerbait Laboaren inguruan. Kontzertuetan beti abesten dut bere kantaren bat; ez da ‘Txinaurriak’ izaten. Bakarrik gitarrarekin jotzen zuen Laboak. Nik hasieran ahotsa eta gitarrarekin egin nuen, baina pixkanaka musika tresna gehiago sartzen hasi nintzen. Eskusoinuaren bidez murgildu zinen musikaren munduan. Aita akordeoilaria da. Zazpi edo zortzi urterekin hasi nintzen akordeoia jotzen. Ikasketak egin nituen, eskolako musika bandan ere ere izan nintzen… Lagun batzuekin talde bat sortu nuen, baina ez genuen luzaro iraun. Izenik ere ez genuen; bakoitzak estilo desberdina zuen. Donostiako gitarra jotzaileen elkarte batean ere izan nintzen. Abesti klasikoak egiten genituen. Ondoren kantaldiak egiten hasi nintzen, hainbat musikarien abestien bertsioekin. Musika euskalduna batez ere: Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Oskorri, Ruper Ordorika, Petti… Baina nire abestiak ere interpretatu behar nituela pentsatu nuen. Banuen eskarmentua musikan, abesti mordoa nituen gordeta, eta proba egin nahi nuen. Horrela sortu zen lehen diskoa. Nola iritsi ziren pop rockaren mundura? Egia esan oso modu naturalean murgildu nintzen estilo honetan. Hasieran ez nuen uste inoiz gitarra hartuko nuenik. Ustekabean izan zen. Negu Gorriak eta Hertzainak gustuko nituen, baina nik akordeoiarekin jarraitu nuen. Behin nire lehengusuari gitarra bat oparitu zioten. Ez zion kasu handirik egin. Ni gaixotu egin nintzen, eta amari eskatu nion mesedez lehengusuari gitarra eskatu eta etxera ekartzeko. Aspertuta nengoen… Musika tresna bat jotzen baduzu, ez da zaila beste bat jotzea. Pixkanaka gitarra jotzen hasi nintzen, eta akordeoia alboratzen hasi nintzen. Autoekoizpenaren bidetik egitea ez zen samurra izango hasiberri batentzat… Ez da bide erraza, baina aberasgarria da erabat. Zure kabuz lan egiten baduzu zuk zeuk ezagutzen duzu musikaren industria. Askotan hitz egiten da musikaren egoeraz, baina horrela hobeto ezagutzen duzu. Ez da lan samurra disko bat ekoiztea eta kaleratzea. Are gutxiago euskaraz egiten baduzu. Merkatu txikia da, eta zaila da. Diskoa grabatu ez ezik, zabaldu ere nik neuk zabaldu behar dut. Oztopo handia da hasiberria zarenean.
HITZAkide HITZAkide