"Gizartea ideologizatzea" eta "definizio falta", Gobernuari egindako kritikak

Agintaldiko lehen ohiko osoko bilkura deitu aurreko batzordeak egiten ari dira egunotan (Argazkia: Mikel Goñi)
Hilaren azken osteguneko osoko bilkurari begira, udal batzorde desberdinetako kideak elkartu dira gaur. Udal Gobernuak oposizioak egindako 52 galdera eta agerraldiei erantzun behar izan die. Oposizioak, berriz, Udal Gobernuak hurrengo urteetarako dituen asmoetako batzuen berri izateko aukera izan du. Entzundakoak, ordea, ez ditu PSE-EE, PP eta EAJko zinegotziak asebete. «Aurpegirik erradikalena» erakutsi dutela dio PPko bozeramaileak, Ramon Gomezek. PSE-EEko Ernesto Gascok, berriz, herritarren kezka eta beharrei erantzun baino, udaletxea herri nortasuna eraikitzeko baliatu nahi dutela kritikatu du. EAJko bozeramaile Eneko Goiak, aldiz, «zehaztasun faltak» jaun eta jabe jarraitzen duela nabarmendu du du.
Bilduko bozeramaile Josu Ruizek, bien bitartean, «zuhurtziaz jokatzea» eskatu die oposizioko ordezkariei. Modu eraikitzailean lan egitea gustatuko litzaiekela zehaztu du; horregatik, herritarren arazoei konponbideak bilatzerako garaian, horiei aurre egiteko prozesuan egin nahi dute indar. Josu Ruizek, era berean, erantzun behar izan dituzten hainbat galderek «zentzurik ez» zutela adierazi du. Hala nola, Ondarretako harriak desagerrarazteko zer egingo duten jakiteko PSE-EEk botatakoa kritikatu du. «Haiek urteetan konpondu ez dutenari guk ezingo diogu hilabete bakarrean irtenbidea bilatu». Azken batean Gobernuaren ardura nagusia herritarren buruhauste nagusiei –«zergekin zer egingo duten, espaloiak konpontzea, autobus gehiago jartzea» eta tankerako kezkei– erantzuna bilatzea izan behar duela azaldu du PSE-EEko bozeramaileak. Bilduk, aitzitik, udaletxetik herri nortasuna eratzea duela buruhauste nagusi esan du Gascok. PSE-EEk, halere, Gobernuak hirirako dituen proposamen zehatzak entzuteko irailera arte itxarongo du. Bilduk gobernu programarik aurkeztuko ez balu alkatearen agerraldia eskatuko lukete. Bilduk irailerako programa izango dutela ziurtatu du. «Zur eta lur» PPko Ramon Gomez «beldurtuta» atera da batzordeetatik. Egindako proposamenekin Bilduk «gizartea ideologizatu» nahi duela kexu da. Besteak beste, hezkuntzaren eta hizkuntzaren inguruan egin dituzten planteamenduak «zur eta lur» utzi dituela adierazi du. «Etorkinei euskara ikastera behartu» nahi dituztela eta ikastetxe publikoetatik gaztelera kendu nahi dutela azaldu du. Bilduk, era berean, «Igeldo, Zubieta eta Añorgan euskaraz bakarrik aritzea eta gaztelera baztertzeko asmoa» duela kritikatu du Gomezek. «Euskaraz ez dakitenek beste auzoetara bidali behar al ditugu?», dio. Apustu garbirik ez Udal Gobernuaren noraeza nabarmendu du Eneko Goiak. «Definizio falta bistan» dela eta «kezkagarria» dela dio Goiak. «Gai batzuk ezagutzeko denbora behar da, baina ardatz estrategikoen inguruan apustu garbirik ez» dutela egiten jakinarazi du Goiak. Galdera askoren aurrean, Bilduko hainbat ordezkarik «taldeak hauteskundeak bukatutakoan osatutako programa irakurtzen» zuela esplikatu du. Mahai gainean jarritako egitasmo batzuekin, gainera, ez dago batere ados. «Ezker abertzale ortodoxoenaren musika» dutela aditzera eman du EAJko bozeramaileak.
