"Hemen barruan hiriak eraikitzen ditugu"
Bon Jovik abesti arrakastatsuenak joko ditu ostiralean Anoetan; iragan asteazkenean hasi ziren muntaia prestatzen
Bon Joviren kontzerturako atzera kontua hasi egin da. New Jerseyko rock taldeak ostiralean 35.000 zale izango ditu Anoeta Estadioan zain. Zuzeneko ikuskizuna prestatzeko lanak iragan astean hasi ziren, asteazkenean. Get In promotorak ekarriko du Bon Jovi hirira; eta estadioan bertan muntaia egiten ari diren 150 langileen lana zuzentzen ari da. Amaia Nuin prentsa arduradunaren hitzetan, «Bon Joviren muntaia U2rena baino sinpleagoa da. Bruce Springsteenek ekarri zuenarekin antza handiagoa du. Bonoren ikuskizuna prestatzeko langile kopurua bikoitza izan zen. Eszenatoki hau karratua izango da; haiena, ordea, konplexuagoa zen».
Halere, kontzertu «handia» izango dela adierazi du: «Hemen barruan hiriak eraikitzen ditugu». Izan ere, ezer ez da falta estadio barruan: medikuak, suhiltzaileak, jangelak, idazkariak, bulegoak, eskalatzaileak, karga altxagailuak gidatzen dituzten langileak, iturginak, argiketariak, ekoizpen arduradunak… 27 metro luzerako eta 150 tonako eszenatokia, 750.000 pixeleko pantaila erraldoia, 800.000 soinu watio… Guztira 65 kamioi behar izan dituzte kontzertuaren muntaia ekartzeko. Muntaia prestatzeko astebete baino gehiago behar izan dute, baina kentzeko egun batekin nahikoa izango dute: «Kontzertua bukatu eta berehala hasiko gara hau guztia desmuntatzen. Gau osoa emango dute langileek estadio barruan». Joan den asteazkenean zelaiko pista estaltzen hasi ziren, eta atzo, eszenatokia muntatzen: «Erritmo onean ari gara lanean».
Rockzaleak, nerabeak, helduak, rockero zaharrak… Adina eta estiloari dagokionez, Nuinen ustez, kontzertuak askotariko ikusleak erakarriko ditu: «Bon Jovik urte asko darama lanean. Hainbat belaunaldik jarraitu dute haren ibilbidea. Orain rock taldea baino, gehiago da pop rock taldea, Halere, lehen urteetako abesti arrakastatsuenak ere joko ditu, eta rockzaleenak ere etorriko direla pentsatzen dugu». Ikusleak, askotarikoak; eta sarrera motak ere bai. Diamond Ring VIP Experience sarrera (300 euro) ordaindu duten 450 zale izango dira ostiralean. Eszenatokitik gertuen izango diren ikusleak dira. Afaria, Bon Jovi taldearen merchandising pack berezia eta leku probilegiatua izango dute. Aldiz, krisiaren aurkako sarrerak ere badira. Hogei eurotan jarri zituzten salgai pistako sarrerak eta «harrera bikaina» izan dutela plazaratu du Nuinek.
Oraingoz 35.000 sarrera saldu dituzte. Estadioan 40.000 lagun ere elkartu daitezke. Egunotan sarreren salmenta bizkortu egin bada ere Get In-ek ez du uste agortu egingo direnik: «Ez dira garai onenak. Badakigu krisian gaudela, eta zaila dela dena saltzea. Halere, oso pozik gaude saldutako sarrera kopuruarekin», adierazi du Nuinek.
Abesti arrakastatsuenak Birari ekainaren 8an ekin zioten Zagreb-en [Kroazia]. Hiru orduko ikuskizuna egiten ari dira emanaldietan, eta azken 30 urteko abesti arrakastatsuenak jotzen ari dira zuzenean: ‘Livin’ on a prayer’, ‘It’s my life’, ‘Saturday night’, ‘I’ll be there for you’, ‘You give love a bad name’ eta ‘Blaze of glory’, besteak beste.
Donostian 90eko hamarkadan jo zuten lehen aldiz, Belodromoan, ‘Crossroad’ diskoaren aurkezpen biran. Jon Bon Jovi, Richie Sambora, David Bryan eta Tico Torres ostiralean bertan iritsiko dira Donostiara: «oraingoz ez dute eskakizun berezirik egin. Euren catering propioa ekarriko dute, baina besterik ez dute eskatu». Ziztu bizian iristi, eta ziztu bizian alde egingo dute hurrengo egunean; Europako birako azken geltokira, Lisboara.