San Bartolome berriko lanak eta salmenta bide onean dira
«Gehienak lehenengo etxebizitzaren bila datoz, baina badaude bigarrenaren bila datozenak ere», adierazi du Martin Arregik
Auzune berri baten taupadak ari dira Erdialde eta Amararen bihotzean indar hartzen. Bizilagun askok, etsita, San Bartolomeko auzunea etorkizunik gabeko egitasmotzat jo bazuten ere, gutxienez zazpi urtez luzatuko den eraldatzeko prozesuak atzera bueltarik gabeko bideari ekin dio. Aurreko urteko maiatzean bederatzi banketxeetako ordezkariek sinatu zuten ehun milioi euroko kredituak jarri zuen 534 etxe altxa eta 1.200 aparkaleku egiteko gurpila lanean.
Lehenengo fasea, beraz, 2010eko ekainean abiarazi zuten eta, Martin Arregi San Bartoleme Muinoa sozietateko zuzendariaren arabera, «lanak oso aurreratuta daude». Hondealana egin da eta eraiki beharreko eremua mugatu dute. Zimenduak jarri eta egitura prestatzen ari dira. «Hemendik aurrera etxebizitzen egiturak gora egingo du eta aldaketa begi bistakoa izango da», dio Arregik.
Ondo bidean, lehenengo faseko etxebizitza eta garajeak 2013an banatuko dituzte. Mariaren Lagundiko ikastetxe berria, ordea, lehenago bukatzea espero dute, datorren urteko udararako.
45 etxe salgai
Fase horretan 45 dira salgai dauden etxeak. Hasiera batean, 32 izango ziren, baina beste 13 gehitu dizkiote. Azken horiek, ordea, sei hilabete beranduago banatuko dituzte.
2013rako, beraz, euren aurrezkiak baliatuz etxebizitzetako bat eskuratu duten eta auzune berriak jan eta jango dituen etxeetatik lekualdatutako bizilagunek girotuko dute San Bartolome berria.
Nahiz eta aurrezkiak adreiluan inbertitzeko garairik oparoenak ez izan, salmenta «ondo» doala aitortu du San Bartolome Muinoa sozietateko zuzendariak. Zehatzagoa da Arregi, gainera, «garajeak oso ondo eta etxebizitzak ondo doaz, egungo egoera ekonomiko gordina kontuan hartuta». Garaje premia handia zegoela gaineratu du sozietateko zuzendariak. Etxez aldatuko diren bizilagunei, esaterako, aparkalekurik izan gabe, erosteko aukera eskaini behar izan diete. Ekainaren 14an egin zuten plazen zozketa; dagoeneko, denek aukeratu dute berea.
San Bartolomen inbertsioa egiteko interesa dutenen artean, Gipuzkoako jende asko dagoela azaldu du. «Nafarrak eta kanpokoak ere badatoz», zehaztu du. «Gehienak lehenengo etxebizitzaren bila datoz, baina badaude bigarrenaren bila datozenak ere». Erdialdean etxe berri batean bizitzeko «azkeneko aukera» dela nabarmendu du, eraikitzeko leku gehiago ez dagoelako.
Lekualdaketak
Salmenta garaia puri-purian dagoen bitartean, euren etxetik alde egin behar izan duten bizilagunen prozedura administratiboa bukatu dela adierazi du Arregik. Halere, auzi pare bat oraindik itxi gabe daudela erantsi du. «Ez gara adostasunera heldu eta epaitegietara jo dute». Denera, 174 familia lekualdatu dituzte Amara Zaharreko euren etxeetatik. Horietatik 25, gutxi gorabehera, Morlansera bizitzera joatea erabaki dute. Beste batzuk, dozena inguru, zuten etxebizitzaren balioa diruagatik trukatu dute. 140 familiek, berriz, etxebizitza berria izango dute San Bartolomen.
Hala nola, lekualdatuko diren familien etxeak eraiki ahal izateko, sei bloke bota behar izan dituzte, eta 21sendi daude behin behineko etxebizitza batean; Amara 12 eta Arroka 10 atarietako bizilagunak gehienak. Amara kalean, San Roken eta Benta Berrin dute behin behineko aterpea. Etxebizitza euren kasa bilatu duten hainbat familiri, halere, errenta ordaintzen diete. Arroka 4, 5, 6 eta 9 atarietako etxeak hustu behar dituzten bizilagunak, berriz, zuzenean pasako dira etxe berrietara.
Horietara bizitzera sartu aurretik, bigarren fasean aurreikusitako eraikinak altxatzeko lanetan ariko dira. Bigarren fasearekin, hain zuzen, hurrengo urtean hastea aurreikusi dute, Mariaren Lagundiko ikasleak ikastetxe berrira eta Espainiako Polizia Aldunaenen izango duen egoitzara joaten denean.