Urteurren festa handia egingo du Donostiako Tranbia Konpainiak
Donostiabusek 29 milioi bidaiariren marka gainditu du. Urtetik urtera markak hausten jarraitzen duelako bakarrik festa handia antolatzeko moduan legoke autobus konpainia. 2011 eta 2012a, ordea, urte gogoangarriak izango dira Donostiabusentzat, abuztuaren 28an, 125 urte beteko direlako enpresa sortu zutela. 1887ko uztailaren 18an, gainera, Kontxatik abiatu eta Bulebarrean barrena Ategorrietako biltegira zihoan lehenbiziko ibilbide finkoa abiarazi zuten.
Izendatzeko metalik ez duen ezteia behar bezala ospatzeko, Donostiabusek herritar guztiak gonbidatuko dituen festa handia egingo du. Horrekin batera, 2012ko uztaila bitartean, ekitaldiz beterik egitaraua osatzen ari dira.
Aurreratutako ekintzen aratean, liburu baten argitalpena dago: Tranbia Konpainiak urte luzeotan izan dituen aldaketa eta gorabeherak laburbilduko ditu. Kontakizunak, gainera, irudi historikoz hornituko dituzte. Konpainiak duen argazki bilduma zabala denez, erakusketa antolatuko dute auzoz auzoko kultur etxeetan. Hiriko autobusen artean ibiliko da, era berean, egun Azpeitiako Trenbidearen Euskal Museoan dagoen trolebusa.
Garraio enpresaren inguruko xehetasun gehiago ezagutu nahi dituztenentzat, hitzaldiak eskainiko dituzte, hainbat adituren eskutik. Azkenaldian egin diren ikerketak, gainera, webgunean jarriko dituzte edonork azter ditzan.
Hiriko auzo guztietara heltzeko zerbitzua eskaintzen duten autobusetara oraindik jende gehiago igo dadin, hainbat lehiaketa eta zozketa egingo dituzte. Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen laguntzaz, hala nola, argazki lehiaketa prestatuko dute. Idazten trebeak direnentzat, berriz, kontakizun laburren lehiaketa. Bideozaleek ere beren lehiaketa izango dute, Facebook bidez zabalduko dena. Azken urteetako ohitura eutsiz, marrazkiak eta gabonak uztartuko dituzte aurten ere. Irabazleek autobus kanpoaldean zabaldurik ikusiko dituzte euren marrazkiak.