Ehun pintxo, tabernaz taberna
Josema Azpeitia kazetariak eta Ritxar Tolosa argazkilariak ‘La senda del pintxo’ liburua kaleratu dute
Duela hamalau urte, Donosti Aisia aldizkariaren bigarren alean estreinatu zuten La senda del pintxo atala. Argitalpenaren 200 aleetan hiriko taberna eta jatetxeetako pintxo onenen berri eman dute. Mokadu txiki hauek prestatzeko errezeta, tabernaren historia eta bertako eskaintza plazaratzea izan da atal honen helburua. Orain, ordea, urrats bat gehiago egin dute; atala liburu bihurtu baitu Zum edizioak argitaletxeak.
A Fuego Negro tabernatik hasi, eta Zerukora iritsi arte; Parte Zaharra, Gros, Erdialdea, Amara, Loiolako Erribera, Antigua, Igara eta Intxaurrondoko taberna eta jatetxeetan egindako zaporeen bidaia proposatu dute Josema Azpeitia kazetariak eta Ritxar Tolosa argazkilariak. Guztira ehun tabernetako pintxo bana aukeratu dute. Donostiako pintxoen «biblia» gisa aurkeztu dute egileek. Berritzaile eta modernoenak; eta barretako klasikoak; denetik aurki daitekeela ziurtatu dute.
Pintxoak tabernetako barran zerbitzatzen diren erritmo bizian idatzi eta osatu dute La senda del pintxo liburua; iragan hilabetean, ekainean egin baitute guztia, edukirik berriena eskaintzeko asmoz. Biak ala biak argazki kamera, papera eta boligrafoa hartuta joan dira liburu honetako gida osatzen. Argazkiak ere berriak dira, eta irakurleak pintxoren bat gustuko badu, tabernara jo dezake dastatzera; gidan dauden pintxo guztiak tabernetako barran edo arbeletako zerrendan baitaude, bezeroen zain.
Kroketak, burruntziak, patata arrautzopilak, gildak, rissottoak… Pintxo sinple eta errezenetatik goi mailako sukaldaritzara. Etxean prestatu edo tabernan bertan dastatzeko proposamenak jasotzen ditu liburuak. Halere, argi utzi dute hau ez dela «ohiko errezeta liburua»; pintxo baten errezetaz gain, tabernaren inguruko bitxikeriak, eta bertan eskatu ditzaketen gutiziak ere plazaratu dituzte.
Azpeitiak idatzi ditu testu guztiak. Ez da gastronomiaren inguruan egin duen lehen proiektua. Kutixiak donostiar erara liburua argitaratu zuen iaz; eta Ondojan.com aldizkariaren arduraduna da.Tolosak eta Azpeitiak ehun taberna hautatu dituzte, baina «jakin badakigu erraz sartu ditzakegula beste ehun liburu honetan, egun taberna gutxi baitira nabarmentzeko moduko pintxorik ematen ez dutenak». La senda del pintxo atalak aurrera jarraituko du Donosti Aisia aldizkarian, eta egileek liburuak bigarren zatia izatea espero dute.