Iraupen-eskian trebatzeko erarik onena
Kiroletako Udal Patronatuak bi bizikleta eliptiko jarri ditu eskuragarri Anoetako belodromoan; erabiltzaileek puntako orduetan hartu eta hiru ordu laurdenez erabil ditzakete. Gimnasiotik kanpo giharrak lantzen jarraitzeko aproposak dira.
Asteartetik Anoetako belodromoak zerbitzu berri bat jarri du erabiltzaileen eskuetara: hirian barrena erabil daitezkeen bizikleta eliptikoak. Landan zeharko eskia gogorarazten duen ariketa mota ahalbidetzen dute, eta datozen hilabeteetan kirolarien artean duten harrera zer-nolakoa den aztertuko dute.
Kiroldegietatik kanpora
Patronatuak makina eliptiko finkoak ditu kiroldegietan, baina hemendik aurrera «erabiltzaileek ariketa mota bera egin ahal izango dute, batetik bestera joaten diren bitartean», azaldu du Kintxo Gomez belodromoko langileak.
«Bizikleta eliptikoa batez ere eremu lauetarako aholkatzen dute – nahiz eta maldak ere igo ditzaketen–, eta beraz, Anoeta inguruko eremua aproposa da. Sarbide erosoa daukagu eta gainera, bidegorrietatik hurbil gaude», gehitu du.
Zerbitzua doanekoa da; mailegu baten parekoa. Baldintza bakarrak patronatuko instalazioetako edo ikastaroren bateko erabiltzailea izan eta dokumentazio agiri bat uztea dira. Puntako orduetan jaso daitezke, 09:00etatik 20:00etara, eta hiru ordu laurdenez erabili. Itzuli ondoren, beste erabiltzaile batek hartuko du.
Era berean, «bizikleta eliptikoek iraupen-eskia gogorarazten duen ariketa bat ahalbidetzen dute, eta hortaz, neguan zehar kirol hura praktikatzen duten lagunentzat aproposak dira». Edozein makinekin bezala, haietara ohitu eta egokitu beharra dago; «bai pedaleoari, eskuen mugimenduari, alde batera eta bestera mugitzen den eskuleku inklinatuari… Eliptiko finkoarekin aritu direnentzat errazagoa da, jakina, baina, beno, hauek ere hiru gurpileko bizikletak dira eta nahiko egonkorrak».
Egunotan, jendearen harrera, oro har, ona izan da; «aurrez erabili dutenak pozik daude, ohitu direlako; lehen aldiz erabili dutenei, berriz, pixka bat gehiago kostatu zaie».
Dena den, Anoetakoak ez dira kiroldegi sareko lehen bizikleta eliptikoak izan, joan den hilabetean bi bizikleta eliptiko gehiago jarri baitzituzten Benta Berriko kiroldegian. «Azkenaldian eguraldiak ere ez du lagundu eta jende askok ez bustitzeko ez ditu probatu, baina ziur orain eguraldiak hobetu duela gehiago erabiliko dituztela».