Pintxozale zein gozozaleen jaia
Hamaiketakoa hamabietan. Urtero, Aste Nagusiaren erdialdean egiten den jaien balantzeak zapore gaziagoa izan du aurten, sagardo eta pintxoek txokolate eta txurroen lekua bete baitute. Gozozale eta pintxozaleen artean, beraz, ika-mikarako bidea eman du. PPko bozeramaile Ramon Gomezek, esaterako, txurroak nahiago ditu. Parranda eginez gero, aukera erakargarriagoa da bozeramailearentzat. EAJko zinegotzi Iñaki Gurrutxagak, aitzitik, ardo eta pintxoen alde egiten du, txokolatea neguan nahiago du.
Batzuek nahiz besteek ez diote Juan Karlos Izagirre alkatearen gonbidapenari uko egin. Oposizioko ordezkarien artean PSE-EE taldekoek bakarrik egin dute kale. Gainontzean, gizarte eragile ugari hurbildu da udalbatzar aretora. Lagun eta ezagunak agurtu eta zintzurra bustitzera hurbildutakoen artean, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteko kideak; Felix Garitano, San Bizente eta Santa Maria elizetako parrokoa; Luis Mokoroa, Euskal Gastronomia Kofradiako presidentea; Eduardo Soto, Gipuzkoako Txirrindulari Elkarteko presidentea; edota Zinemaldiko zuzendaria, Jose Luis Rebordinos, zeuden.
Eredugarria
Gizarteko arlo desberdinetako lagunek egin zuten atzo bat udaletxean. Izagirre alkateak adierazi bezala –hamaiketakora joan aurretik, pilotan ibili zen Trinitate plazako barrenean–, «Donostiak badaki desberdinen artean errespetuz lan egiten». Eredugarria iruditu zitzaion, hala nola, hiriak astelehenean eskaini zuen irudia. «Milaka pirata zebiltzan badian, erromes katoliko ugari kaleetan eta Bruselara bidean zihoazen sumindu asko».
Jaiek darabilten martxarekin, beraz, «oso gustura» agertu da alkatea. Donostia kanpoko jende asko parte hartzen ari dela eta istilurik ez dela izan nabarmendu du. «Gozamena, parranda, atsedena, aisia, kirola eta aldarrikapena era egokian uztartu dira», dio. Era berean, Sagueseko kontzertuak arrakastatsuak izaten ari direla, Zurriolako kultura irekiaren azoka erreferente bilakatu dela eta bertsolariek bere lekua bilatu dutela esan du.Are gehiago, eskaintza zabaltzeko eskaera egin dietela gaineratu du.
La Flamenka gunea, «txiki»
Juan Karlos Izagirrek Aratz Trecet Donostiako Piraten bozeramailearen aldamenean egin ditu balorazio horiek. Piratek beren ikuspuntua eskaintzeko aukera izan dute, hortaz. Treceten hitzetan, Kaiko eremuari ahalik eta etekinik handiena zen aurtengo erronka eta lortutakoaren oso pozik daude. Egunez nahiz gauez jendea gainezka ibili dela zehaztu du, «La Flamenka gunea txiki geratu da». Abordatzeari dagokionez, su artifizialekin batera, Aste Nagusiko erreferentea dela adierazi du. Lau mila lagunek hartu zuten parte eta hasieran nola aterako zen beldur baziren ere, emaitzarekin «oso pozik» daude eta hainbat parte hartzaile eskerrak ematera hurbildu direla jakinarazi du. Hurrengo urtean 10. urteurrena beteko dute Aste Nagusia konkistatu zutela.
Piratek eta alkateak bat eginda, hurrengo urteari begira jai ereduaren inguruan eztabaida irekiko dutela azaldu dute Juan Karlos Izagirrek eta Aratz Trecetek irakurri duten pergaminoan. Udalak jai batzorde eta piratekin hartu-emana indartuko du, jai parte hartzaile eta herrikoiagoak antolatzeko. «Donostiar bakoitzak izango du zer esana», dio alkateak. Eredua finkatzen joateko tailer eta foroak eratzeko asmoa dute.



