Udal taldeek bat egin dute adingabeko bati egindako sexu erasoa salatzeko
Udal talde guztiek bat egiten dute igande goizaldean adingabeko batek jasandako sexu erasoa salatzeko. Udal Gobernuak kaleratu duen oharrarekin bat egiteaz gain, Juan Karlos Izagirre alkateak komunikabideen aurrean egindako agerraldian parte hartu dute Enrique Ramos PSE-EEko zinegotziak, Ramon Gomez PPko bozeramaileak eta Eneko Goia EAJko bozeramaileak.
Nahiz eta neska gazteak egindako salaketaz Ertzaintzak zehaztasunik eman ez, ikerketak zabalik jarraitzen du eta Udala Herrizaingo sailarekin harremanetan dihardu beharrezko datuak jasotzeko. Neska eta haren senitartekoei ere elkartasuna adierazi diete eta Udalak eskain dezakeen laguntza eskura dutela azaldu dute. Naiara Sampedro Berdintasun zinegotziak horrelako kasuetan protokolo zehatz bat jarraitzen dela azaldu du. Hala, nahi izanez gero, behar den laguntza psikologiko nahiz juridikoa izango dute eskura. Udal Gobernua, gainera, beharreko ekinbideak irekitzeko prest dago.
Horrekin batera, egunotan deitzen diren mobilizazioekin bat egingo dutela adierazi dute udal ordezkariek.
Bigarren erasoa
Hamar eguneko tartean gertatutako bigarren erasoa litzateke azken hau. Aste Nagusiko jaiak bete-betean zirela, gizonezko bat 16 urteko neskato bat bortxatzen saiatu zen. Autobus geltoki batean zegoen neska bati motorrean joatea proposatu zion erasotzaileak. Gizonak kale estu batera eraman zuen bortxatzen saiatzeko.
Genero bortizkeriarekin amaitzeko, eraso guztiak salatu bakarrik ez, «sozialki ere gaitzetsi» egin behar direla baieztatu du Udalak. «Are gehiago, adin txikiak badira erasotuak», dio udal ordezkariek adostutako oharrak.
