Agintarien "modernitatea" gaitzetsi dute parodia eginez
AHTaren aurkako Mugitu! desobedientzia mugimenduak azpiegitura erraldoiak geldiarazteko eskatu du
Patxi Lopez lehendakaria buru duen gobernuak ikasturteko lehen gobernu kontseilua egin du gaur goizean Miramar Jauregian. Hitzordu hori baliatuta, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aurkako Mugitu! desobedientzia mugimenduak protestaldi ibiltaria eta parodia egin ditu agintarien “porlanezko politika” salatzeko.
Hitzordua goizeko hamaiketan zuten manifestariek. Bulebarreko kiosko aurrean arropa grisak jantzi, kolore berdinarekin aurpegian margotu eta porlana irudikatzen zuten kutxak prestatu eta buru gainean jarri dituzte. Bere izena eman nahi izan ez duen Mugituko bozeramailearen hitzetan, “gizon grisak direlako gu ere gristu gara. Buru karratua dute, besteen aldarrikapenei entzungor egiten dietelako, eta eraikuntzen aldeko Viva las obras kantuak ondo islatzen du beren filosofia”.
Grisa nagusi zen arren, parodia koloretsua izan da. Eguerdian, Bulebarreko kioskotik irten dira, eta Aste Santuko prozesioen moduan hasi dute protesta. Eraikuntza langilez jantzitako lau lagunek hartu dute San Porlanen pasoa. Santuaren irudiaren tokia, ordea, euroaren ikurrarekin osatutako betoi nahasgailua zegoen. Atzean, “gora garapena!”, “gora porlana!” edota “gora modernitatea!” oihukatzen zuten politikarien karikaturek; besteak beste, Patxi Grislopezek eta Andoni Grisgoitik. Kontxako pasealekuan barrena, oihuak, musika eta dantza izan dira nagusi. Manifestariek AHTren aurka egiten zutenean, gizon grisek, aldeko oihuak egin, abestu eta dantza egiten zuten. Irribarre eta “Zer da hau?” asko eragin dituzte pasealekuan zebiltzan oinezkoen artean. Eskuorriak jaso edo bozgorailuko azalpenak entzutean, begi aurrean zutena ulertzen dute.
Hiritar askok entzun du beraien kexa, baina manifestariek Miramar Jauregia zuten helmuga. Kontseilua amaitzerako bertan izan nahi zuten, baina Mirakontxatik gora egitean, lortuko ez zutela bazekiten. Jauregi aurreko sarreran sei bat ertzain zain zituzten aurrera egin ezin zutela esateko.Haien aurrean Grislopez, Grisgoiti eta Gristina Arriolak “normalizazioa eta modernitatea” sustatzeko dituzten xedeak azaldu dituzte. Antzezlana amaitzean, berriz, Kontxako pasealekura itzuli eta pankarta erraldoia zintzilikatu dute Antiguako tunelaren aurrean. Horren aurretik, bainatzaileak ohartarazi dituzte: “Adi, adi hondartza asfaltatzeari ekingo diogu”. Betoi hustea amaituta, tunelaren beste aldean errepikatu zuten antzezlana.
“AHTa gelditzeko une ona da”
Egungo krisialdian makroproiektuen alde egiteak zentzurik ez duela adierazi nahi izan zuten Mugituko! kideek. “Une onean gaudela uste dugu, krisialdia oso gogorra baita, Konstituzioa aldatzeraino. Obrekin temati segitzeak zentzurik ez du, Espainiako hainbat tokitako AHTen obrak gelditzeak ere arrazoia ematen digu. Zergatik ez hemen?”. AHTaren hainbat lan gauzatu badira ere, oraindik geldiarazi daitekeela sinetsita daude.
Horretarako, “gure kexa ahalik eta ozenen adierazi behar dugu. Jendea ohartu behar da ez dela txantxetako kontua. Gure poltsikotik ordaindutako 1.000 milioiko obra da”. Datu gisa, lurralde txikia izanik, inoiz baino azpiegitura lan gehiago planteatzen direla nabarmendu dute. Horien artean, gobernu honek berak bultzatutako Donostiako Metroak “ez du ez hanka ez bururik”, diote.
Protestek –haien berri izan badute– ez dute eraginik izan. Kontseilua amaitu ondoren lehendakariak emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, AHTaren hiru tarte berriren esleipena lehiaketa publikora aterako dute. 328, 6 milioi euroko kostua izango duten lanak batuz, guztira, 16 trenbide zati abian dira; hau da, Gipuzkoako adarkadura osatzen duten 76 kilometroetatik 43.