Asier Edeso donostiarra Biarritzen dantzatuko da
Dantza maitatzeko momentua helduko da Biarritzera. Le temps d’aimer la danse jaialdiaren 21. ekitaldiak bertako kale eta antzokiak hartuko ditu irailaren 9tik 18ra; guztira 49 dantza ikuskizun izango dira. Dantza emanaldien inguruan, gainera, zinema, lantegiak eta ikastaroak ere antolatuko dituzte. Kalean ia egunero eskainiko diren emanaldiak doakoak izango dira; eta gainerakoetan salneurri bereziak izango dira. Batzuk, murriztuak. Aurtengo programazioa oso «eklektikoa» izango dela agindu du programazio zuzendariak, Thierry Malandainek. Dantza garaikidea, neoklasikoa, hip hopa, flamenkoa… Ikusleek gauza askorekin gozatzeko aukera izango dute.
Irailaren 9an Norvegiako konpainiak inauguratuko du jaialdia. Israel, Maroko, Hego Korea eta beste herrialde askotako taldeak dantzatu ondoren, Monte-Carloko konpainiak emango dio amaiera irailaren 18an. Bertan dantzatuko da Asier Edeso donostiarra.
Partaideen artean badira konpainia entzutetsuak, eta beste batzuk bidea egiten ari direnak, baina ez horregatik talentu gabeak: «Egun oihartzun handia duten konpainiak ekarri ditugu Biarritzera, baita talde hasiberriak ere, haiek ere badutelako zer eskaini».