Parte Zaharreko bizilagunen agerraldia (Argazkia: Xabier Etxabe)
Parte Zaharreko bizilagunek leihoetatik euskal presoak Euskal Herrira ekartzea aldarrikatzen duten banderolak zintzilikatzeagatik bizi duten egoera salatu dute. Halako zapiak auzoko edozein kaletan ikus daitezkeen arren, Abuztuaren 31 kaleko 12 eta 14 atarietako bizilagunek azken hilabeteetan jasan duten egoeraren berri eman dute. Bertan, Virginia Vitoria Parte Zaharreko bizilagunak jakinarazi duenez, «mehatxu gutunak, pintaketak eta sarrailetan sabotajeak» egin dituzte.
Azken hilabeteetan areagotuz joan diren erasoak «onartezinak» direla uste dute. Euskal presoen etxeratzea eskatzea delitu bilakatzea ez dutela onartuko diote. Horregatik, erasoak salatu eta Abuztuaren 31 kaleko bizilagunei babesa eskaintzeko manifestariora deitu dute irailaren 8an, 19:30ean, Konstituzio plazatik.
Eraso faxistarik ez! Euskal presoak etxera! lemapean abiatuko den manifestazioan parte hartzeko gonbita luzatzearekin batera, auzoko bizilagun nahiz euskal herritar orori balkoitik «dispertsioaren aurkako» banderak jartzeko deia egin dute.
Gizarteari gertaeron berri eman aurretik, Parte Zaharreko bizilagun horiek Ertzaintzarengana jo dute jasotako gutunak salatzera. Bizilagunek ateratako ondorioen arabera, gainera, letra ikusita, mehatxu gutunak zein beste erasoak «pertsona berberak» eginak dira. Hasiera batean, banderolak zintzilik zituzten bizilagunengana jo bazuten, erasoak ondoko bizilagunengana zabaldu zirela kontatu dute.
Bizilagunei presioa egiteko, bizilagun batek izandako ezbeharra baliatu dutela zehaztu dute: «Duela hilabete gutxi presoak etxeratzearen aldeko banderola zuen emakumeari bihotzekoak eman, etxean hil eta zoritxarrez jarraian etxea erre egin zen». Hala, igorritako gutunetako batean, hurrengoan sua portaletik hasiko da, gauez gasolina bota eta su emango diot bezalako esaldiak erabili dituztela azaldu du Vitoriak.
Mehatxu horiek hildako senitartekoaren samina areagotu ez ezik, bizilagunen artean ere beldurra zabaltzeko helburua zutela adierazi dute. Parte Zaharreko bizilagunek, era berean, argi utzi dute inguruko kaleetan ez dela halako erasorik izan, Abuztuaren 31 kaleko 12 eta 14 atari eta ondoko dendetan bakarrik.