Naturaren arrakasta
Urgulleko Natur Txokoak ateak itxi ditu, uztailean eta abuztuan 3.500 pertsona baino gehiago artatu eta gero; agurrean Porrotx pailazoa izan da.
Hilarekin batera bukatu da Urgulleko Natur Txokoaren sasoia. Horretarako, ordea, gonbidatu berezia izan dute gazteluaren ondoko gunean: Porrotx pailazoa. Honek, beste ia laumila bisitariren gisan, bat egiten baitu azken bi hilabetean bertan jorratu diren Naturarekiko errespetuarekin eta maitasunarekin.
Bi hilabeteotan Urgulleko Natur Txokoaren koordinazioaz arduratu den Alaitz Egiazabal pozik azaldu da ekimenak izan duen erantzunarekin. «Ni ez naiz aurreko urteetan hemen egon, baina azkeneko hamabostaldiko datuak gehitzearen faltan, 3.500 bisitari baino gehiago izan ditugu, eta hori asko da».
Cristina Enea Fundazioaren ekimenez antolaturiko gunea da Natur Txokoa. Artelatz ingurugiro zerbitzuen enpresak kudeatu du naturarekiko errespetua hedatzeko gunea. Haurrei zuzenduriko baliabidea izanik ere, «pertsonak» kontatu dituztela dio Egiazabalek, «askotan haur txikien gurasoei gelditzeko eskatzen genielako».
Urgulleko Gobernadorearen baterian izan du egoitza Natur Txokoak, eta taldeka nahiz bakarka gerturatutako erabiltzaileei eman die zerbitzua. Besteak beste, antzarraren jolas egokitua eskaini diete. «Ingurugiroarekin zerikusia zuten galderak eginez osatu dugu jolasa», azaldu du Egiazabalek. Bertan ereindako baratzaren zaintza ere izan da gauzaturiko ekimenen artean.
Nahiz eta uztailean eta abuztuan egunero irekita egon den, bisitari gehienak astearte eta asteazkenetan izan dituzte. «Egun horietan izaten genituen tailer bereziak, eta jende asko etorri da».
Horixe bera gertatu zen astearte honetan. Porrotxen bisita izan zuten Natur Txokoan, izan ere, sudur-gorri honek oso gustuko duelako natura. Pailazoaren bisitak haur ugari erakarri zituen.
Porrotxek munduan dauden koloreak azaldu zizkien bertaratutako haur eta gurasoei. Eguzkiaren horia, zeru eta itsasoaren urdina, landareen berdea… ingurugiroaren koloreak, alegia.