Diru sarrerarik ez bada, Udal Gobernuak ez du inbertsio gasturik egingo
Urtea amaitzeko hiru hilabete eta erdi falta dela, udal ekonomia eta aurrekontua zein egoeran dagoen azaldu du Jabi Vitoria Ogasun ordezkariak. Aurreko Udal Gobernuak aurreikusitako diru sarrerak «nekez emango» direla aitortu du Vitoriak. Honenbestez, urte bukaeran udal diru zorroa bankarrot egoera egon ez dadin, kapital diru sarrerarik ezean, inbertsio gasturik ez dutela egingo jakinarazi du Ogasun saileko arduradunak.
Elorzak gidatu zuen Gobernuak aurten kapital diru sarrera deiturikoetatik 60 milioi euro eskuratuko zirela aurreikusi zuen. Bada, ekainean, gobernu aldaketa izan zenean, kalkulu haren %24 bildu zutela adierazi du Vitoriak. 45 milioi euro, hortaz, oraindik eskuratu ezinik dabiltza. Honenbestez, inbertsioek sarrera gehiago iritsi zain egon beharko dute.
“Axolagabekeria”
Egoera horren aurrean, aurreko Udal Gobernuaren «axolagabekeria» kritikatu du Ogasun arduradunak. Izan ere, kapital sarrera horiek lursailen salmentan daude oinarrituta eta «aurrekontua duela zazpi hilabete adostu zela kontuan hartuz, garai hartan ekonomia eta finantzak krisian jarraitzen zuten eta adreiluaren sektorea hondoratuta». Hala nola, Hydran hotela egiteko lehiaketa bertan behera geratu zen eta aurreikusitako 1,5 milioietatik ez dute ezer jaso. Txomin Eneatik ere Eusko Jaurlaritzarekin sinatuko zen hitzarmen bat medio, hiru milioi euro jasotzea espero zuten baina hitzarmenak ez du aurrera egin. Atotxa Erreka, Aldunaene, Iyola eta Ilarran salduko zituzten lursailetatik 18,5 milioi jasotzea kalkulatu zuten eta eurorik ez dutela jaso gaineratu du Vitoriak.
Betetzen ez ziren aurreikuspen horiei erantzuteko, Naturgaseko akzioak saltzea izan zen aurreko Udal Gobernuaren irtenbideetako bat. Oraingoan, ordea, ezingo dute horrelakorik egin. «Ez dugu gas gehiago eta ezin dugu bitxirik saldu», dio Vitoriak.
Egoera, gainera, are okerragoa izan daitekeela esan du Ogasun ordezkariak, Gipuzkoako Foru Aldundiak zerga bidez diru gutxiago bilduko duelakoan baitaude. Horrek ezinbestean diru sarrera arrunten murrizketa ekarriko luke.
