"Orain zentzu guztietan korrontea gure alde dugula iruditzen zait"
J. Ramon Mendizabal, Donostiarrako entrenatzailea.
Zorte kontua izan ala ez, Donostiarrak ezin hobeto agurtu du denboraldia, Kontxako Banderan laugarren postua eskuratuta; zaleen babesa nabarmendu du bereziki ‘Mendi’k.
Ezustean iritsi zitzaion Donostiarrari Kontxako Banderan Ohorezko Txandan lehiatzeko aukera; eta igandeko lanari esker, laugarren postua mantentzea lortu du. Lortutakoarekin pozik dagoen arren, atsedenik hartu gabe lanean jarraitzeko ardura hartu du Jose Ramon Mendizabal entrenatzaileak (Parte Zaharra, 1955).
Nolakoa izan zen igandea? Gogorra?
Egun polita izan zen. Guk, zorionez, lotsagarri gelditzearen beldurra lehen igandean kendu genuen gainetik. Hala ere, Ohorezko Txandan egotearen ardura gainean generaman.
Nabaritu zenuen arraunlariengan Ohorezko Txandan lehiatzearen urduritasuna?
Ez, aldageletan hortaz hitz egiten aritu ginen, eta justu aurkakoa zen. Taldeak kontu horietan esperientziarik ez badu ere, bere onena emateko prest zegoen, eta ez zegoen bereziki urduri. Gainera, asko lagundu zigun 10:30ak aldera alkateak egindako bisitak. Sekula ez zen Donostiako alkatea guregana animoak ematera etorri, eta taldearentzat pozgarria izan zen.
Gustura geratu zinen taldeak egindako estropadarekin?
Uretatik jarraitu nuen estropada, ontzi batetik. Joaneko luzean ongi aritu ginela uste dut, gure mailaren barruan. Itzuleran… ez dakit gainontzeko ontziak gertuegi zetozelako edo, ez genuen olatu bakar bat garbi hartzea lortu. Ez ginen bereziki ongi itzuli eta egindako denbora baino 10-15 segundo gutxiago egitea espero genuen.
Itsasoa nola zegoen?
Ez zegoen oso zakarra. Haize aldaketa egon zen estropada hasi aurretik eta zertxobait nahastu zuen ura. Baina arraunean aritzeko nahiko txukun zegoen.
Behin estropada bukatuta, taldeak gainetik pisua kendu zuela nabaritu zenuen?
Gure mailari zegokion Kontxa ona egin genuela aipatu genuen, eta indarberriturik atera garela. Taldea pozik zegoen, eta jasandako presiotik pixka bat askatua.
Zaleen babesa ere inoiz baino gehiago izan duzue.
Zaleen babesa izugarria izan da guretzako. Banioen lehen nik, Donostia esnatu beharreko erraldoi baten modukoa zela; Kontxan egindakoarekin horretan asko lagundu dugula uste dut.
Zerbaitek edo norbaitek zuek hor goian egotea nahi zuela dirudi, ezta? Bai itsasoak bai Astilleroren kanporatzeak zuen alde egin baitu.
Iratxoren bat izango zen! [barreak]. Egia da gertaera batzuek gure alde egin dutela. Hala ere, Astilleroren kanporatzea ez zitzaidan gehiegi gustatu. Nahiago nuke Astillero arraunean atera izan balitz; horrela laugarren postua mantentzeak meritu handiagoa izango luke. Nire iritziz lortuko genuke postua mantentzea, segundo askoko aldea genuelako. Beraz, argi dago Kontxan zorte ona izan dugula. Denboraldi batean zortea banatu egiten da eta guk Ligan, askotan, zorte txarra izan dugu. Oraingoan aldekoa izan da, eta ongi etorria izan dadila, aizu!
Azkenean, aurretik espero ez zenuten saria jaso duzue Kontxan.
Bai, Kontxan laugarren geratzeak badu sari ekonomikoa eta soziala. Donostiako traineruek gutxitan lortu dute laugarren postu batean sailkatzea. Halako zerbait Kontxako Bandera bezalako erakustoki batean lortzen duzunean, denak laguntzen du. Orain zentzu guztietan korrontea gure alde dugula iruditzen zait.
Ospakizunetarako nahiko denbora izan zenuten?
Bai klubeko guztiek elkarrekin bazkaldu genuen Groseko elkarte batean. Txarangakoak ere gurekin egon ziren. Gero, 18:30ak aldera, Parte Zaharrena hurbildu ginen, eta hor bakoitzak ahal zuen arte iraun zuen.
Behin denboraldia bukatuta, atseden hartzeko garaia da, ezta?
Ba ez, datorren denboraldiari begira jarri beharra baitago. Arraunlariek ere badute lana, denboraldian egin ezin izan duten kirola egingo dute; eta pisu asko ez hartzen saiatu beharko dira, itzulera gogorra ez izateko.




