Zergak igo beharko dituzten susmoa du PSE-EEk
Udaleko egoera ekonomikoaren berri emateko, asteazkenean elkartuko dira bozeramaileak
Jabi Vitoria Ogasun zinegotziak udaleko egoera ekonomikoa azaltzeko egin zuen agerraldian esandakoaren inguruan bueltaka dabiltza oposizioko alderdiak.
2011ko udal aurrekontua osatzen buru belarri aritu zen Susana Garcia Chuecak eurak –PSE-EEk– kudeatzeko aurrekontua osatu zutela gogoratu du eta onartu zutenen artean orain Bilduko koalizioa osatzen duen Alternatiba zegoela azaldu du. Eskuzaitzeta, Auditz Akular, autobus geltokia eta beste hainbat proiektu bertan behera utzi nahi dituztenez, horietatik jaso daitezkeen diru sarrerak ezerezean geratuko direla erantsi du. Sarrera horiek ordezkatzeko, beraz, zergak handitu beharko direlakoan daude sozialistak.
PSE-EEko zinegotziak, era berean, donostiarren kaltetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak hiriburuarekin bestelako jarrera duela zehaztu du, Bizkaikoarekin alderatuz. Bilduk egoera hori aldatzeko pausorik emango ote duen jakin nahi du.
Beste hainbat zalantza argitzeko, asteazkenean elkartuko dira udal bozeramaileak, udal ekonomiaren egoera bertatik bertara ezagutuko baitute.
