Basque Culinary Center inauguratu dute (Argazkia: Xabier Etxabe)
Haztegi berria du Miramonek. Letxugarik ez dute landatuko, baina baratza eta bestelako inguruetatik jasotako jaki eta elikagaiak produktu erakargarritan bilakatzeko gai izango diren profesionalak sortuko dira inauguratu duten Basque Culinary Center Gastronomia Zientzien Fakultatean.
Euskal sukaldaritza lau haizetara zabaltzen aitzindariak izan diren sukaldariek irekitako bideari jarraituko dioten harrobiaren egoitza izango da. Atzokoa «harro egoteko» eguna dela dio Eneko Atxa sukaldariak.
Sukaldariek baino, Espainiako printze eta printzesek bereganatu dute inaugurazio ekitaldian arreta guztia. Monarkiaren etorreraz jakitun, zenbait herritar haiek agurtzera hurbildu dira Miramoneraino. Ekitaldea amaitzean, oihuka ongi etorria egitera joan diren herritarrei bostekoa eman dieten printzeek. Aurretik, baina, fakultatea ezagutu eta hura inauguratuko zuen plaka agerian uzteko ardura izan dute. Ekitaldian parte hartzea «poz handia» zela aitortu du Felipe Borboikoak eta «ikerketa eta berrikuntzarako horrelako guneek krisiari aurre egiten laguntzen diotela» esan du. Era berean, unibertsitatea aurrera ateratzeko erakundeek bat egiteko egin duten ahalegina txalotu du.
Urriaren 3tik aurrera Mondragon Unibertsitateko Sukaldaritza Arteen Gradua egitera fakultatera iritsiko diren ikasleek, beraz, puntako teknologia eta ekipamendua izango dute eskura. «Amestutako irakaskuntza izango dute eta prestakuntza ezinhobea», dio Eneko Atxa sukaldariak. Euren lana osatuko duela uste du, gainera; «ikuspuntu berriak izatea garrantzitsua da; guri ere gauza berriak egiten erakutsiko digute». Sukaldaritzan ez ezik, elikaduran ere bide berriak zabaltzeko gunea izango dela adierazi du Andoni Luis Adurizek. Argi zuen Mugaritz jatetxeko arduradunak; aukera balu «pentsatu gabe» sartuko litzatekeela.
Martin Berasategik, Adurizek bezala, ez du zalantzarik. «Gazteagoa banintz, ikasle izango nintzateke», adierazi zuen. Ikasle izateko, Berasategirentzat, beharbada, beranduegi izan daitekeen arren, lapiko artean egin duen 36 urteko ibilbidea eskarmenturik gabeko gazteentzat lagungarri izan daitekeela gaineratu du.