Lanean jarraitzeko "itxaropena piztu" duela dio Joaquin Sotillak
Udal Gobernuak hiriko auzo eta herrietako bizilagunekin hartu-emanean egoteko partaidetza prozesua jarri zuen astelehenean abian. Antiguan, Amara Berrin eta Martutenen egin dituzte lehen bilerak. Bihar, Parte Zaharreko auzokideekin elkartuko dira, 19:00etan, Liburutegi Nagusiko San Jeronimoko ekitaldi aretoan.
Lugaritzekoa bi hilabeteotan aurre egin beharreko lehen bilera izan zen Asier Jaka Partaidetza zinegoarentzat, eta «oso pozik» agertu da izan zuen erantzunarekin. 70 bat lagunek parte hartu zuten. Kopuruaz gain, elkartutakoen arteko aniztasuna nabarmendu du. Ekarpen garrantzitsuak egin zirela dio. Hala nola, gazteek egindako ekarpenek garrantzi handia dutela azpimarratu du zinegotziak.
Bileran plazaratutako premia nagusietako bat auzotarrak antolatzeko eta komunikazio bitartekoak ezartzekoa izan zen. «Antigua eta auzokideak ordezkatuko duen elkarterik ez dutela», dio Jakak.
Lehenengo bilera sortak, hain justu, auzoko behar nagusiak azaleratzea du helburu. Antiguan nahiz gainontzeko auzo eta herrietan bigarren saio bat egingo dute eta haietan behar zehatzagoak jorratuko dituztela azaldu du. Antiguan azaroaren 16an egingo dute bigarren bilera. Lugaritzera hurbildu zirenek nahiz gainontzeko antiguatarrek, hortaz, astelehenean azaldutakoaz gogoeta egiteko denbora izango dute hurrengo hilabetean.
Amara Berri
Asteartean, Ernest Lluchen izan ziren Udal Gobernuko ordezkariak. Amara Berriko auzokideekin batera, Loiolako Erriberako herritarrek parte hartu zuten. Urumea bazterreko auzo elkarteko kideek bilera «lasaia eta aberasgarria» izan zela aitortu dute.
Loiola Erriberakoek, dena den, eurekin aparteko bilera egitea nahiago dute, auzo bateko nahiz besteko beharrak bestelakoak direlako. Lokala da auzo elkarteko kideek egin zuten beste eskaera nagusietako bat. Amaratarren aldarrikapen nagusia, berriz, Karlos I. sarbidearen deuseztapena izan zen.
Martutene
Hurrengo egunean Martuteneko EtxarriEne kultur etxean egin zen bileran, berriz, diagnosi zabala egin zen. Parte hartzea handia izan zela eta ondo bideratuta egon zela azpimarratu du Sarroeta auzo elkarteko presidenteak, Joaquin Sotillak. «Bata-bateko esku hartze ugari izan ziren», dio Sotillak. Horrelako ekimen «baketsuek» balio handia dutela eta lanean jarraitzeko «itxaropena piztu» duela erantsi du.
Asteazkeneko bileran, hala nola, hiriak auzoarekin duen «zor historikoa» azaleratu zuten. «Urumeak maiz egiten du gainezka auzoan eta hori ekiditeko beharrezkoa da egongo zubia ordezkatzea», azaldu du. Martutenekoek, dena den, aurretik etxekolanak eginda zituzten, auzoko beharrak jasotzen zituen diagnosia osatuta baitzuten. «Bileran diagnosian jarritako ekarpen ugari azaldu ziren, berrietarako lekua ere izan zen, ordea», dio Sarroetako presidenteak. Autobus zerbitzuan diren gorabeherak izan zen jorratutako ekarpen berrietako bat.