Telmo Esnal gonbidatu dute Zineguneak ekimenera
Zinemaldian estreinatu zuen Telmo Esnalek ‘Urte berri on, amona!’ filma; eta joan den igandetik zinema areto komertzialetan proiektatzen ari dira egile zarauztarraren komedia beltza. Nor bere onetik ateratzeko moduko amona Mari da protagonista. Ernegarria batzuetan, eta maitagarria bestetan.
Hura zaindu behar duen familiaren gatazkak azaltzen dituen filma da. Mari amonak Maritxu bere alabaren arreta osoa bereganatzen du, beraz, Joxemarik –Mariren suhia eta Maritxuren senarra– amaginarreba zaharren egoitza batean sartzea erabakiko du. Joxemarik bere emaztea ohartu gabe egin beharko du hori, Kintxo bere suhiaren laguntzaz. Hasiera batean lan erraza diruena, amonaren izaera dela-eta, ustekabeko egoerak sortuko dituen abentura bihurtuko da.
Gatazka umorearen bidez azaltzen du zuzendariak, baina hainbat gairi buruzko hausnarketa ere proposatzen du; besteak beste, bakardadeari beldurra, balioen galera, norberekoikeria eta familiaren desegituraketa ditu hizpide.Bere familia bi taldetan bananduko da.
Telmo Esnalekin eta filmean parte hartu duen aktoreekin solas egin nahi dutenek astelehenean izango dute aukera, Zineguneak ekimenaren emanaldian. Izan ere, Euskadiko Filmategiak estreinatu berri diren euskal ekoizpenei bultzada emateko jarri zuen abian Zineguneak egitasmoa. Telmo Esnal zuzendaria eta bere film berria izango dira urriaren 3an protagonistak. Pedro Otaegi eta Nagore Aranburu aktoreak ere izango dira bertan. Zinemazaleek, beraz, filmaren inguruko xehetasunak ezagutzeko aukera izango dute Koldo Mitxelenan, 19:30ean. Zineguneak jardunaldien aurreko ekitaldietan bezala, pelikularen trailerra proiektatuko dute, eta filmaren zenbait pasarte ere ikusi ahal izango dituzte. Emanaldia doan da.
Sarrerak euro baten truke Kutxaren bezeroek euro baten truke erosi ahal izango dituzte ‘Urte berri on, amona!’ filmerako sarrerak. Kutxa Mastercard txartela erakutsi beharko dute. Izan ere, Kutxak 3.000 sarrera erosi ditu bezeroen artean banatzeko. Bildutako dirua elkartasun proiektuetara bideratuko dute.