Realeko belar hockeyko emakumeek igandean jokatuko dute lehen partida
Ohorezko Mailako Ligako txapeldunordeak dira eta arantza kentzeko prest daude oraingoan
Iazko Liga borobilean, lehen postua lortzea baino ez zitzaion falta izan Realaren belar hockey taldeari. Aurten, arantza hori kentzen saiatuko dira, eta asteburu honetan bertan ekingo diote Ohorezko Mailako Ligari. Jaengo Alcala izango da talde txuri-urdinaren lehen aurkaria, igandean, etxetik kanpo. Ez dute aurkari erraza eta bertako tenperatura gainera kontuan hartzekoa izango da.
Edonola, Realak iazko taldea mantentzea lortu du eta horrek indarra emango dio. Gainera, bi fitxaketa ere egin dituzte, Jessi Boesser eta Laura aurrelari alemaniarrak. Horretaz gain, beheko taldetik jauzia eman dute Maider Altunak eta Nereba Belzunegik.
Euroliga apirilean iritsiko da
Ligaz gain, iaz lortutakoari esker, Euroligan ere parte hartuko du Donostiako taldeak. Lehenengo bi aurkariak Holandako Hertogenbosch eta Azerbaianeko Atasport izango dira. Europako lehia iritsi aurretik, ordea, badute zertan aritu, apirilean iritsiko baita.