"Lehenengo partidak erakutsiko digu zer nolako prestaketa egin dugun"
Iñigo Imaz, Pegamo Bera Berako entrenatzailea
Iaz egindako akatsen ondorioz, Ohorezko Maila galdu eta zilarrezko ligan lehiatuko da 2011-2012 denboraldian Pegamo Bera Bera; igoera da helburua, baina ez dute lan erraza.
Gorka Bueno jokalariaren laguntzarekin zuzentzen du Pegamo Bera Bera errugbi taldea Iñigo Imazek (Bidebieta, 1972). Erronka berri bati aurre egin behar diote aurtengoan, Ohorezko B Maila utzi eta igoera lortzea. Badakite ez dutela lan erraza izango, baina Imaz baikor dago eta konfiantza du etxeko jokalariengan. Igande honetan jokatuko dute Ligako lehen partida, Anoetako estadio txikian, 12:00etan, Oviedoren aurka.
Nola dago taldea?
Urduri, oraindik ez garelako hasi. Lehenengo partidak erakutsiko digu zer nolako prestaketa egin dugun, eta hasteko zain eta gogoarekin daude.
Aurreko urteetakoarekin alderatuta, prestaketa desberdina izan da?
Bai, desberdina izan da, Ohorezko B Mailako Liga goikoa baino beranduago hasiko delako. Orduan, azken bi asteetan gogorrago aritu gara, fisikoki indartsu aritzea erabaki dugu, lehen partidara ongi iristeko.
Jokalariak mantendu dituzue edo aldaketak egon dira?
Aldaketa asko daude taldean eta askoz jokalari gazteagoak ditugu. Mailaz jaitsi gara eta etxeko jokalariekin osatu dugu taldea. Gazteak izan arren, badute esperientzia; gainontzekoak baino urduriago egongo direla pentsatzen dut, baina konfiantza daukat beraiengan. Gogotsu eta indarrarekin ikusten ditut.
Aldaketa handia dago maila batetik bestera?
Beti zaila izaten da konparaketak egitea, ez dugulako beraien aurka jokatu. Edonola, aldaketa egongo dela pentsatzen dut, batez ere fisiko aldetik, tamaina, atzerritar gutxiago…
Ezagutzen dituzue gainontzeko taldeak?
Gogorrenak Santader eta Hernani izango dira, Hernani beti izan da gogorra. Gero, jardunaldiak pasa ahala ikusiko dugu zeintzuk moldatzen diren hoberen.
Zuen helburua igoera izango da. Bai, bai, gure helburua igotzea da, baina beti esaten dut partidaz partida joan behar garela. Igoera lortzeko gure multzoko lehen bi postuetan sailkatu behar gara. Ondoren, hegoaldeko multzoko lehenengo bi sailkatuen aurka jokatu beharko dugu eta irabazleak lortuko du igoera.
Ez duzue erraza izango orduan.
Ondo geratzea ez da hain zaila, baina dena irabazi eta lehenak izatea… Guztia bi asteburutan egongo da jokoan eta ea jokalariak nola iristen dira horra. Aurretik bide asko egin beharra dago eta burua beti hurrengo partidan izan behar dugu.
Liga luzea izango da?
Gure multzoan zortzi talde gaude, beraz, 14 partida jokatuko ditugu joan-etorrikoekin. Igoerarengatik borrokatu behar ezkero, gehiago luzatuko da.
Lehenengo partida igandean izango duzue Oviedoren aurka. Zer nolako lehia aurreikusten duzu?
Hiru jokalari arriskutsu dituzte atzean, baina aurrean motelagoak ikusten ditut; atzerritar bat dute, oso handia eta garaia. Irabazi beharreko partida da, lehenengoa delako eta etxean jokatzen dugulako. Guk gure jokoa egin behar dugu, goitik gatoz eta beraiek ikusi beharko dute nondik jo. Gure jokoarekin alai jokatu eta baloiaren jabetza lortzen saiatu behar gara. Nire ardura nire taldeak nola jokatu behar duen da, besteek nola jokatuko duten baino.