Ostegunetan, miseraren ordez, piperra
Sukataldek goi mailako sukaldaritza zabaltzeko ‘Sukalday’ ekimena aurkeztu berri du; produktua eta prezioa ditu oinarri.
Sukataldeko hamaika kideek Sukalday ekimenera atxiki dituzte bere jatetxeek. Ostegun gauetako giroa dinamizatzea eta goi mailako sukaldaritza jendartean zabaltzea bilatzen dute «kontsumo kontzeptu» honen bidez. Prezio bereziko menu itxiak eta produktuen zaintzea izango dira datorren ostegunean abian jarriko duten egitasmoan.
Sukalday izena jarri diote hemendik aurrera, eta amaiera datarik gabe, habian jarritako ekimenari. Izan ere, ostegunetan jendea gero eta gutxiago irteten dela ohartuta, «normalean egun mugitua zena» berpiztu nahi baitute. Xarma jatetxeko Aizpea Oihanederrek azaldu zuenez, «ideia zera da; guk lan egitea, eta jendeak prezio erakargarria duten menuak izatea». Hala ere, Xabier Diezek ñabardura egin zuen aurkezpen ekitaldian, «ez da kontu ekonomiko hutsa, baizik eta goi mailako sukaldaritza zertan den ezagutzera ematea».
Xarma, Mirador de Ulia, A fuego negro, Agorregi, Branka, Bera Bera eta Kokotxa dira ekimen honekin bat egin duten Donostiako jatetxeak, eta lurraldeko beste lau jatetxerekin batera, goi mailako sukaldaritza dastatzeko hamar ostatutako zirkuitua osatzen dute.
Horretarako, hamar jatetxe horietako bakoitzak dastatze menu berezia prestatu du, 22 eta 50 euro artekoa. Oihanederrek azaldutakoaren arabera, jatetxe horietako ohiko prezioekin alderatuta, «% 30eko edo 40ko beherapena izango du». Denboran luzatuko den ekimena izango denez, «hilabetero aldatuko ditugu menuak», gaineratu zuen sukaldari gazte talde honen ordezkariak.
Hilabetean behin menua aldatzeak, askotarikotasunaz gain, beste abantaila dakar. Tolosako Fronton jatetxeko Roberto Ruizek azaldu zuenez, «sasoian sasoiko produktuak erabiliko ditugu menu horietan». Era berean, primerako jatekoak erabiliko dituztela iragarri dute, «agian ez dugu misera jarriko, bai ordea primerako piperrak, ekoizleari behar bezala ordainduak, gainera».