Udalbatzar luzea eta gaiez betea
Aurreikusi zuten bezala, agintaldiko bigarren udalbatzarrak luze jo zuen atzo. Izan ere, 17:00etan hasi eta goizaldeko 2:00ak arte iraun baitzuen. Hala ere, jakina zen atzokoak marka guztiak gaindituko zituela, hamar erakunde adierazpen eta 21 mozio barneratzen zituelako gai zerrendak. Orain arteko osoko bilkuretan, berriz, batez beste, erakunde adierazpen bakarra eta lauzpabost mozio aurkeztu izan dituzte.
Edonola ere, bederatzi orduko eztabaidan hainbat erabaki hartu zituzten, askotan Bilduren gobernuak aurkako botoa eman bazuen ere. Erakunde adierazpenen artean, Donostialdeko metroa edota 2016an Abiadura Handiko Trena hirian sartzea eskatzen zutenak onartu ziren. Mozioen artean, berriz, bi izan ziren eztabaida gogorrena piztu zutenak, autobus geltokia berehala eraikitzearena, eta Eskuzaitzeta eta Arzabaleta inguruetako planari buruzkoa. Zubietan dauden Eskusaitzeta eta Arzabaletan, zehazki, poligono bat, kartzela berria eta errauste planta eraikitzea zegoen aurreikusia Plan Orokorrean; eta horrela berretsi zuen udalbatzarrak atzoko mozioa, PP-ren, EAJ-ren eta PSE-EE-ren aldeko botoekin onartuta.