Zuloaga haur eskolako lapikoak fruitu eta barazki ekologikoz beterik daude
Ekolapiko egitasmoak sukalde propioa duten hamar ikastetxeetara heldu nahi du ikasturte honetan
Kalabaza, porru, patata, azenario eta bestelako barazki freskoz egindako purea zuten Zuloaga haur eskolako haurrek atzo bazkaltzeko. Denak Igeldoko Aristizabal baserritik jasotako barazkiak dira. Esneki eta ogia, berriz, Alegiko Aldaba baserritik ekartzen dituzte eta fruituak Nafarrotik. Zuloagan, lekuan lekuko eta garaian garaiko jaki ekologikoek bakarrik dute leku.
Ekologia, osasuna eta landa garapena ardatz duen Ekolapiko izeneko egitasmoan dago Zuloaga haur eskola murgilduta. Donostiakoarekin batera, Oiartzungo Haurtzaro haur eskola, Andra Mendi ikastola eta Usurbilgo Udarregi haur eskolak egin dute bat elikadura ekologikoa haur eta gizartean hedatzea xede duen proiektuarekin.
Iaz, denera, bertako barazki eta fruituekin egindako 511 menu banatu zituzten. Aurten, ordea, kopuru horrek gora egitea nahi dute. Ikasturte honetan Ekolapikoaren barruan beste hamar ikastetxe harrapatzea dute helburu. Kutxa Ekoguneko Mikel Insaustik azaldu duen bezala, sukalde propioa duten ikastetxe guztiak daude gonbidatuta ekimenean parte hartzera. Sukalde propioa izatea funtsezkoa dela dio Biolurreko Sabrina Patok, aurrez egindakoak janariak ekidite aldera.
Proiektua zertan datzan xehetasun bila dabiltzanek, gainera, sortu berri duten webgune berrira –www.ekolapiko.com– jo dezakete. Bultzada eta indar handiagoa emateko, era berean, Pirritx, Porrotx eta Marimotsek parte hartzen duten abesti eta bideoa osatu dute. Porrotxen gomendioei jarraiki, sabela ondo elikatuz gero, «sentimendu goxoak, pentsamendu adimentsuagoak eta esku eta hanka arinagoak izango ditugu».
Porrotxek dioena egia ote den frogatu nahi duten ikastetxeek Ekolapikoko sustatzaileren batengana –Cristina Enea Fundazioa, Kutxa Ekogunea, Biolur, Donostiako Udala, Behemendi, Manttangorri eta ENEEK– jo dezakete.
Ekolapikoko arduradunak aurkezpena egitera hurbiltzen dira eskoletara eta eskaintzen duten otorduen diagnostikoa egiten dute. Ondoren, alternatiba ekologikoarekin alderatzen dute eta interesa dutenek bizpahiru hilabeteko proba egingo lukete. Erantzuna gustukoa bada, modu iraunkorrean ezarriko lukete.
Garestixeagoa
Mikel Insaustik jakinarazi duenez, jaki ekologikoekin lan egitea zertxobait garestixeagoa da. Hilabetean haur bakoitzak 7-8 euro gehiago ordaindu beharko lituzkeela zehaztu du.
Biolurreko Sabrina Patok, bestetik, ikastetxe publikoetan egitasmoa barneratzeko duten zailtasuna agerian utzi du. Eusko Jaurlaritzaren dekretuz, ikastetxeak catering enpresa batekin lan egitera behartuta daudela azaldu du.