Uxotegirekin zer gertatuko den galdetu du PSE-EEk
Udal Gobernuak kultura eta aisialdiaren autokudeaketan sinisten duela argitu du
Parte Zaharreko gazteek Urgullera bidean dagoen eraikina okupatu zuten irailaren 23an eta gune kultural bezala kudeatzeko lanean ari dira egun Alde Zaharreko Gazte Asanbladako kideak. Hurrengo egunean hurbildu ziren udaltzainak Uxotegi gaztetxera. Bertan izan zen, halaber, Josetxo Ibazeta, alkatetzako idazkaria, Udal Gobernuko iturrien arabera, «zer gertatzen ari zen» jakiteko.
Eraikina pribatua denez, Udalak esku hartzerik ez duela jakinarazi dute. PSE-EEko zinegotzi Enrique Ramosek, dena den, egoera horren aurrean zer egiteko asmoa duen jakin nahi du. Zinegotziak, era berean, ez du ulertzen Ibazetak zer egiten zuen bertan eta zein zen bere egitekoa.
Gazteak bertan egotearen arriskuaz ohartarazi du Enrique Ramosek, halaber. «Suhiltzaileek egindako txostenaren arabera, ondoko etxebizitza erortzeko arriskuan dago».
Antza denez, gazteek ez dute eraikinetik alde egiteko asmorik, irtenarazteko agindurik aurkeztu ezean.
Bilbon Kukutza gaztetxearekin gertatutakoa Donostian errepikatzea nahi dutela iradoki du Enrique Ramos zinegotziak. PSE-EEkoak, era berean, Etxebizitza Hutsen Plana horretan oinarrituko ote den esan du. «Hutsik dauden eraikinak okupatzean al datza plana?», dio.
Udal Gobernuak, bien bitartean, kultura eta aisialdiaren autokudeaketan sinisten duela argitu du, «emaitza onak» eta «bitarteko publikorik eskatzen» ez duelako. Hala, Alde Zaharreko Gazte Asanbladak autokudeaketarako guneak sustatzeko azaldu duen beharrarekin bat egin du.