Bi aste barru zabalduko dute Gastronomia Fakultateko kafetegia
Basque Culinary Center-eko lehen 56 ikasleek buru belarri ekin diote lau urteko gradu ikasketei
Espainiako printze-printzesek eragin zuten zurrunbilorik gabe, Gastronomia eta Sukaldaritza Arteen graduan izen eman duten ikasleek atzo izan zuten ikasturteko lehen eguna. Joxe Mari Aizega Basque Culinary Center Gastronomia Fakultateko zuzendariak eman zien ongi etorria.
Lau urteko ibilbideari kementsu heltzeko animo hitzak, ordea, bideo bidez, fundazioko kide eta lurraldeko sukaldari handienengandik jaso zituzten. Grina, sustraiak eta abangoardia direla ardatz nagusiak edota ekinaren ekinaz egiten dela bidea izan ziren entzunaretoa bete zuten 56 ikasleek sona handiko sukaldari bilakatzeko jasotako lehen aholkuetako batzuk.
Hain justu, sukaldean sartu eta lapiko artean ibiltzea izango da lau urteko graduaren ildo nagusietako bat. Alex Beitia Basque Culinary Center-eko zuzendari akademikoaren esanetan, bihartik aurrera hasiko dira praktiketan. Lehenengo bi asteetan, proba eta saiakera guztiak ikaskide eta fakultateko langileentzat egingo dituzte.
Urriaren 17tik aurrera, berriz, herritarrak izango dira aztertzaileak. Orduan zabalduko baitute kafetegia. «Ikasleek kudeatuko duten gunea izango da; bi eremu izango ditu. Self-service-a, bata, eta 4-6 lagunentzako mahaiak izango dituen beste eremu bat. Ikasleak arduratuko dira eskariak hartu, zerbitzatu eta gainontzeko eginbeharrez», azaldu du Beitiak.
Basque Culinary Center-ek, dena den, beste jatetxe bat izango du hirugarren solairuan bizpahiru urte barru. «Ez dago egokituta eta ez du zentzurik kanpoko sukaldariak ekartzea», dio.
Hamalau ikasle gehiago
Ikasleek trebakuntza nahikoa dutenean zabaltzeko asmoa dute. Izan ere, ikasturteari ekin dioten 56 ikasleek batxilergoa beste ikasketarik ez dute. Ostalaritzan urratsen bat eman duten 14 ikaslek urtarrila-otsaila aldean egingo dute bat gainontzeko ikasleekin.
340 hautagaien artean, 70 ikaslek osatuko dute Gastronomia Zientzien Fakultateko lehen belaunaldia. Hautatuek ingeles eta gaztelera maila aproposa erakutsi behar izan dute. Horretaz gain, azterketa psikotekniko desberdinak gainditu eta graduan izen ematera zerk bultzatu dituen azaltzen zuen gutuna aurkeztu behar izan dute.
Aurten, espero zutena baino atzerritar gutxiago eman dute izen, Europako Batasuneko nahiz Txinako herritar ez direnek beharrezkoa dutelako «Espainiako» unibertsitate sarbide azterketa egin. Galbahe guztiak igarotzea lortu dutenek 8.000 euroko matrikula ordaindu dute. Matrikularen erdia ordaindu ahal izateko, ikasle laguntzak eskaini dituztela argitu du Alex Beitiak.