Iesu parrokia, Moneok berak azalduta
Añorgako Cemento Rezola Museumean ikusgai dagoen bilduman Loiolako Erriberako eliza ulertzeko gakoak daude ikusgai.
Ikusgarri gertatu da azkenean Rafael Moneo arkitektoaren gidaritzapean egindako Loiolako Erriberako Iesu parrokia. Eraikina bera ez ezik, proiektua gauzatzeko erabilitako maketak ere ikustea merezi du, are gehiago hauek osatzeko egileen ohar azalgarriek laguntzen dituztenean. Hain zuzen ere, hori guztia ikus daiteke Cemento Rezola Museumaren Moneo-Loiolako Erriberako parrokia, Iesu izeneko erakusketan.
Erakusketaren irekiera ekitaldian izan zirenek berebiziko zortea izan zuten, Rafael Moneo nafarrak berak eman zituelako eraikinaren egituratzea ulertzeko gako nagusiak. Urtarrilaren 15a arte Añorgako museoa bisitatzera doazenek ez dute Moneoren azalpenak ahoz jasoko; bai, ordea, idatziz.
Hala ere, lehen bisitariei berak azaldu zizkien, esaterako, arkitektoak Oteizaren eta Txillida donostiarraren begibistako eragina duela eliza zuriak. Loiolako Erriberako proiektuari ekin baino lehenago Los Angeleseko –EAB– katedrala eraiki zuen Moneok, «eta asko tentatu ninduen Edorta Kortadik eta Iesuko parrokoa Jesus Mari Zabaletak proposamena egin zidatenean».
Bestalde, kolorea garrantzitsua izan da proiektuaren izaeran. Moneok azaldu zuenaren arabera, «espazioetan eskuzabala eta materialetan xumea» den elizaren kolorea bere horretan mantentzea nahiko luke, «Rezola enpresako arduradunek zin egin ziguten bezala». Izan ere, eta hauxe da Cemento Rezola Museumak erakusketa prestatzeko arrazoia, beraien produktuak erabilita eraiki baitzen eliza. Enpresaren arduradunek esandakoaren arabera kolorea mantendu egingo da, bertan erabilitako zemento zuria, CO2-a airetik hartzeaz gain, berez garbitzen delako.
Irekiera ekitaldian Moneok bertaratu zirenen galderei ere erantzuna eman zien galdera eta zoriontzeei. Azkenekoen artean, Juan Karlos Izagirre alkatearena; «zure hitzen ondoren beste begi batzuekin ikusiko dut eraikina». Beste guztientzat ere gonbitea luzatu zuen Moneok.