Herritarrek oposizioaren jarduna "baliogabetu" dutela dio Bilduk
Bilduk ehun egun bete ditu Donostiako Udala kudeatzen eta herritarrek egindako lanaren inguruan zein iritzi duten ezagutzeko inkesta egitea eskatu diote Aztiker enpresari. 15.000 euro gastatu dituzte ikerketan.
Honenbestez, 15 urtetik gorako 161.934 donostiarren zerrenda hartu dute, eta, irailaren 12tik 20ra bitartean, 781 elkarrizketa egin dituzte telefonoz. Elkarrizketatuen zehaztapen gehiagorik eman ez badute ere, auzo guztietara jo dutela ziurtatu dute.
Ikerketan parte hartutakoen erdiak baino gehiagok (%58) gobernu berriarekin ez duela aldaketarik sumatu erantzun du. Ikuspegi hori dutenen artean oposizioko alderdietako (PSE-EE, EAJ eta PP) boto-emaileak daudela zehaztu du Josu Ruiz Bilduko bozeramaileak. Horrek, bada, oposizioak orain arte izan duen jarduna «baliogabetu» duela ondorioztatu du Ruizek. Bildurekin hondamendia eta proiektu guztiak bertan behera geldituko ziren usteak ezerezean utzi ditu, Udal Gobernuko zinegotziaren ustez, inkesta horrek.
Oposizioko taldeek ere agintaldiko lehen ehun egunen inguruko inkesta aztertzeko aukera izan dute. Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramailearen ustez, inkestan ez dago «objektibotasunaren arrastorik». Gardentasunaren eredu ez dela eta «desengainua» izan dela aitortu du. Azken batean, «Bilduk Bildurentzat» egin duen inkesta dela dio bozeramaileak.