Hondartzetan gaikako zabor bilketa hirukoiztu egin dute
Hondartza denboraldia beste urte batzuetan baino eskasagoa izan da aurten, denboraldiak hartzen dituen 122 egunetatik 41etan egin duelako hondarretan etzateko eguraldi aproposa.
Hala eta guztiz ere, hondartzetako langileak taxuz aritu dira lanean. Larrialdietako sorospen zerbitzuan dabilenentzat urte lazgarria izan da, lau lagun hil direlako itota. Erreskate kopuruak, dena den, beherako joerari eutsi dio. 91 izan dira denera; 87, Zurriolan.
Nahiz eta eguzkia jaun eta jabe izandako egunak horrenbeste ez izan, jende asko ibili da hondartzetan, zabor kopuruak aditzera ematen duen moduan. Guztira, 284 tona zabor bildu dituzte, iaz baino hamabi tona gutxiago. Aurten, gainera, hondakinak bereizteko ahalegin berezia egin dute eta, ondorioz, gaikako bilketa hirukoiztea lortu dute. 14 tona jasotzetik, 46ra igaro da. Kopuru horietara heltzeko, 300 zakarrontzi ordezkatu dituzte, papera, plastikoa eta beira bereizi ahal izateko.
Marmokek, azkenean, eragozpen handirik eragin ez duten arren, algek sortu dute kalterik handiena. Hilabeteotan 316 tona jaso zituzten. Normalean iraila aldean agertzen badira, aurten, aurreratu egin direla aditzera eman du Nora Galparsoro Hondartza zinegotziak.